Teknologia -

PUNTUEUS FUNDAZIOA

Lorea Arakistain: “.eus domeinua euskarazko ingurune digitala zuzentzeko tresna da”

Astearte honetan, Interneten Nazioarteko Eguna da, eta PuntuEUS Fundazioak 10 urte betetzen ditu .eus domeinua eskatu zuenetik. Lorea Arakistain Fundazioko komunikazio arduradunarekin egon gara domeinuak egin duen bidearen inguruan hitz egiteko.

Lorea Arakistain. Argazkia: PuntuEUS Fundazioa.
Lorea Arakistain. Argazkia: PuntuEUS Fundazioa.
Lorea Arakistain. Argazkia: PuntuEUS Fundazioa.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maiatzaren 17an Interneten Nazioarteko Eguna ospatzen da, eta badirudi orain, pandemiaren ondoren, inoiz baino presenteago dagoela gure artean. 1969an, duela 53 urte, ireki zen lehenengo Internet publikoki, eta garai hartan inork ez zuen espero gure bizimodua hainbeste aldatuko zuenik. 1984an 1.000 ordenagailu zeuden sarera konektatuta, eta fenomeno hori hain azkar hazi zen, ezen bost urte geroago 100.000 ordenagailuk jada Internet zuten.

Gaur egun sare sozialak eta aplikazioak erabiltzen ditugu komunikatzeko (Facebook eta WhatsApp, esaterako), eta gure bizitza sozial digitala eraiki dugu horiek erabiliz.

Internet den munstro handiaren aurrean, gure nortasunak eta hizkuntzak bere lekua egin dute, ostera. Internet Egunean, PuntuEUS Fundazioak ICANN Izen eta Zenbakien Esleipenerako Interneteko Korporazioari .eus domeinuaren eskaria bidali zionetik 10 urte igaro direla ospatzen du.

Euskal domeinuaren sortzaileek azken 10 urteen balantze oso positiboa egin dute. Horien hitzetan, ".eus domeinua euskarazko ingurune digitala zuzentzeko tresna da". Fundazioak 2012ko maiatzean eskatu zuen domeinua, baina bi urte geroago eskuratu zuen. 2016ko urtarrilerako, 5.000 webgune zeuden erregistratuta, eta dagoeneko 13.000 domeinu erregistratu ditu Puntueusek. Iñaki Goirizelaia Fundazioko lehendakariak "PuntuEUS euskal identitate digitala proiektatzen duen marka gisa finkatu da", azpimarratu du.

Lorea Arakistain komunikazio arduradunak eitb.eus-i eskainitako elkarrizketan azaldu duenez, nahiz eta lortutako emaitzak oso onak izan, "hazkundean ez ezik, eskaintzen duen produktu horretan ere lan handia egiten da". Puntueusek zibersegurtasun digitala bermatzeko lan egiten du, hori baita bere zeregin nagusienetariko bat.

Fundazioak .eus domeinua duten webguneetako erabilera txarrak detektatu, eta arrisku eta mehatxuei aurre egiteko sistema batekin egiten du lan. Bi arrisku mota izaten dituzte: domeinu gaiztoak eta konprometituak.

Domeinu gaiztoak intentzio txarrarekin sortzen direnak dira, hau da, .eus domeinua dute baina ez modu zilegian erabiltzeko. Fundazioak domeinu gaizto horiek detektatu eta blokeatu egiten ditu.

Konprometitutako domeinuei dagokienez, webgune batek erasoa jasotzen duenean, Fundaziotik harremanetan jartzen dira webguneko arduradunekin, eta arazoa konpontzen saiatzen dira.

Iaz PuntuEUSek 277 arrisku-kasu kudeatu zituen, eta, Arakistainen hitzetan, "gehienetan aurre hartzeko gai izaten gara".

Pandemian Internet ezinbesteko tresna bihurtu zen, bai kudeaketa egiteko, eta baita medikuarekin hitzordua lortzeko ere. Pandemiak eraldaketa digitala ekarri zuen, eta hori bihurtu da gaur egungo Puntueusen erronkarik handiena.

Gainera, Internetek gure egunerokotasunean duen presentzia areagotu zuen, eta adineko pertsonek gogor pairatu zituzten ondorioak. Horregatik, aurten Interneten Nazioarteko Egunean adineko pertsonei teknologia digitaletarako sarbidea eta erabilera erraztea izango dute hizpide.

Etorkizunera begira, helburuak betetzeko bide berriak aurkitu eta hartzeko prest daudela azaldu du Goirizelaiak, baina batez ere orain arte lortutakoa mantentzea da erronka nagusia, mantentzea eta sendotzea, alegia. Bere hitzetan, "Interneteko identitate digitala bermatu behar dugu, komunitatea sortu eta aktibatu, euskaratik".

Euskararen presentzia Interneten

.eus domeinua gure euskal identitatearen alderdi digitala dela eta euskararen erabilera sustatzen duela adierazi du Arakistainek. Gaur egun Euskal Herrian dauden webguneen % 16k eskaintzen dituzte euskarazko edukiak. Hala ere, kopuru hori askoz handiagoa da .eus domeinua erabiltzen duten webguneetan. Izan ere, horien artean % 84k dituzte euskarazko edukiak, baina asko eleanitzak dira. Edukien % 1,3 baino ez daude euskara hutsez. Horren arabera, ".eus domeinuak hizkuntzari ikusgarritasuna eta baliagarritasuna erakusteko balio du".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Zer berritasun daude Interneten?