Teknologia -
Teknologia
Errealitate birtuala Euskal Encounterrera helduko da
Lleida Liquid Galaxy gailuak Google Earth-en bidez ilargira hurbildu, NASAren misioak ezagutu, Marteren erliebeak ikusi eta munduko 30 hiritara hegan gerturatzeko aukera ematen du.
Erredakzioa
Errealitate birtualean oinarritutako Lleida Liquid Galaxy dibulgaziozko proiektua aurkeztuko dute Euskal Encounter 20n. Horrela, bisitariek aukera izango dute ilargira hurbildu eta NASAk bertan egindako misioak ezagutzeko, Marteren erliebeak ikusteko eta munduko 30 bat hiritara hegan gerturatzeko. Proiektu hori Google Earthek sortutako inguruneak baliatzen dituen zortzi pantaila erraldoiz osatutako gailu batean datza.
Euskal Encounterrek, hogeigarren ekitaldi honekin, are gehiago sendotzen du bere lidergoa Espainian, Estatuko party handiena eta zaharrena baita. Uztailaren 26 eta 29 artean Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre gunean egingo den makroekitaldi honek publikoari ateak irekiko dizkio, 4.000 ordenagailu eta 6.000 partaideek sortuko duten giro aparta ezagutu dezaten. Euskaltel Fundazioak antolatutako ekimenaren babesle dira Euskaltel, Eusko Jaurlaritza Spriren bitartez eta Bizkaiko Foru Aldundia.
Egitarauaren barne antolatutako hitzaldi eta tailerrak ere doakoak izango dira, eta edonork parte hartu ahal izango du horietan. Mintzaldietan jorratuko dituzten gaien artean aipagarriak dira segurtasun informatikoa, etorkizuneko sareak, Interneteko zinema proposamenak, bideojokoak, hezkuntzarako teknologia berriak edo proiektu berriak finantzatzeko kontuan izan beharreko gakoak. Tailerretan, aldiz, programazioa, bideojokoak, musika digitala, 3D animazioa eta diseinu grafikoa landuko dituzte. Eta beste ekimen deigarri batzuk ere izango dira tarteko, ukelelea jotzen ikasteko tailerra, esaterako.
Opengune eta Lleida Liquid GalaxyLleida Liquid Galaxy proiektu berezia da, munduan 21 gailu besterik ez baitaude. Google Earth motorra erabiltzen dute eta 55”ko zortzi pantaila dituzte, 270 graduko irudia osatuz erabiltzailearen inguruan. Horrela, egundoko hegaldi sentsazioa sortzen dute.
Ilargiko edo Marteko gainazala behatu ez ezik, oso erakargarria da munduko hiri garrantzitsuenak ezagutu ahal izatea, bertako eraikinak 3 dimentsiotan ikus baitaitezke. Proiektu honek aukera didaktiko handiak eskaintzen ditu eta, hortaz, oso gomendagarria da adin guztietako pertsonentzat.
Opengunen jarriko dute errealitate birtualeko gailua. Zona ireki hori hirugarren urtez antolatuko dute eta, aurtengoan gainera, kokapen berria izango du, sarrerako atarian. Leku erosoagoa izango da hori BECera hurreratzen direnentzat puntako produktu teknologikoak erostera eta informatikaren sektoreko proposamen berrienak ezagutzera.
1.000 bideo-jokalari baino gehiago Euskal Encounterren barne gauzatzen den eta munduko hiru Counter Strike txapelketa garrantzitsuenen artean dagoen Gamegune 2012 bideo-jokalari profesionalen lehiaketako izen-emateak ixtear daude. Munduko talde onenak etorriko dira BECera, eta 15 herrialdetako ordezkariak barne.
Bestalde, amateur bideojoko txapelketek mila jokalaritik gora bilduko dituzte. Guztira, 15 proba ofizial baino gehiago jokatuko dira eta bideojokoen arloa bera izango da partaidetza gehien bereganatuko duen atala Euskal Encounterren.
Jarduera horiez gain, hardware eta software libreko lehiaketak izango dira, eta parte-hartzaileek euren ordenagailuen errendimendua eta itxura estetikoa hobetzeko lan egin beharko dute. Programazioarekin loturiko frogak ere gauzatuko dira, baita arte digitalarekin eta aisialdiarekin erlazionaturiko ekintzak ere.