Teknologia -
Argazkilaritza
Historiako argazkirik ikusiena
Windows XP sistema-eragileak mahaigainean duen irudia mila milioi aldiz ikusia izan dela kaltulatu dute.
Erredakzioa
Historia osoko argazkirik ikusiena ez da marinel batek eta erizain batek Times Squaren emandako musua (Alfred Eisenstaedt, 1945), ezta miliziano tirokatua ere (Robert Capa, 1936). Are gutxiago Rockefeller Centerreko habe batean eserita dauden langileak (Charles C. Ebbets, 1932).
Inoizko argazkirik ikusiena seguru aski egunero ikusi duzu hainbat urtez: Microsoften Windows XP sistema-eragileak mahaigainean duena.
Argazkiak "Bliss" du izena, eta Charles O'Rear argazkilariak egin zuen, Kalifornian, 1995ean. Mashable webguneak aipatutako kalkuluen arabera, mila milioi aldiz ikusia izan da.
O'Rearrek ez du inoiz zehaztu nahi izan zenbat ordaindu zion Microsoftek argazkia erosi zionean, baina kopurua "oso handia" izan zela aitortu du.