Teknologia -
Euskara, Sarean
Euskal Trending Topic-a sortzeko ekimena martxan jarri dute
Euskal tuitlariek euskal gaiei indarra eman nahi diete, eta, sare sozialaren interfazea euskaratzea lortu ostean, #EHTT hastagarekin modan dauden euskal gaien zerrenda sortu nahi dute orain.
A. A.
Twitterreko interfazea euskaraz erabili ahal izatea lortu ostean, sare sozialeko hainbat euskal erabiltzailek beste pauso bat eman nahi izan dute eta Euskal Herriko Trending Topic-a (TT) lortzeko ekimena martxan jartzea erabaki dute.
Sarean jaso dutenaren arabera, dagoeneko 15.000 erabiltzaile baino gehiago ari dira euskaraz Twitterren, eta, orain, inguruan dituzten modako gaiei buruzko zerrenda propioa sortzea dute helburu. "Euskal herritarren modako joerek komunitateari presentzia handiagoa emango dio", adierazi du Iñaki Larrañagak (@InakiLarra) zuzeu.com atarian.
Lander Arbelaitz Argiako erredaktoreburuak (@larbelaitz) Twitter euskaratzeko ekimena sustatu ostean, beste urrats baten beharra ikusi dute euskal erabiltzaileek, eta helburu berri hori lortzeko "edozein tresna euskaraz izatea baino garrantzitsuagoa da tresna horren erabiltzaileak euskaraz aritzea bertan", Arbelaitzek bere blogean argitaratu duenaren arabera.
"Twitterrek Euskal Trending Topic zerrenda eskaintzea positiboa iruditzen zait, euskaraz ez dagoen edozer gauza euskaraz egon dadin eskatzea positiboa den neurrian", adierazi du Gorka Bereziartua Argiako kazetariak eta blogariak (@boligorria). Horrekin bat dator Maite Goñi (@euskaljakintza) tuitlaria: "Nire ustez, euskarari bisibilitatea ematen dioten ekimen guztiak garrantzitsuak eta zaindu beharrekoak dira".
Euskal Trending Topic batek "euskaldunoi zer interesatzen zaigun islatu dezake, eta hori euskal hiztunen komunitateak bere burua talde bezala imajinatzeko lagungarria izan daiteke", Bereziartuaren ustez. "Euskaldunoi gure inguruan pil-pilean dagoena ezagutzeko aukera emango liguke: zein gai interesatzen zaio Twitterren dabilen euskal komunitateari? Zertaz ari gara?", gaineratu du Goñik.EztabaidaEgoera soziolinguistikoa dela eta, ziurrenik "erdarak euskarak baino leku handiagoa" izango du, Larrañagak jaso duenaren arabera, baina "hurbileko pertsonen iritziak jasoko ditu, komunitatea indartuko luke" eta, Goñiren esanetan, "gure ardurak, kezkak, iritziak, interesak besteei erakusteko aukera emango liguke".
Baina, TTek agenda baldintzatzeko zilegitasuna al dute? Hedabideek Trending Topic zerrendak aintzat hartzen dituzte, eta, horregatik, euskal TT batek euskal erabiltzaileek hedabideetan ere eragina izateko ahalmena izango luke, Larrañagaren esanetan.
"Ez nago batere ados kanpaina hasi denean aipatu den Jose Luis Orihuelaren ideiarekin: TTak direla agenda setting berria, alegia. Uste dut irakurketa baikorregia dela: egunero kontsumitzen dugun informazioa aukeratzeko modua hein txiki batean Twitterrek baldintzatu badezake ere, kontrakoa askoz gehiagotan gertatzen delakoan nago: hedabide handiek baldintzatzen dute sareetan zertaz hitz egiten den. Eta hedabide handien agenda, portzentaje askoz altuagoan dago lotuta medioen jabetzarekin, botere ekonomiko edo politikoak haiengan eragina izateko daukaten gaitasunarekin eta abar, Twitterrekin baino", azaldu du @boligorria-k.
Bitartean, euskal tuitlariak #EHTT hastag-a erabiltzen hasi dira. Zuk ere bat egin nahi baduzu, hemen klik eginda We would like to have Basque Country’s Trending Topic eskaera babesteko aukera izango duzu.