Teknologia -
Teknologia berriak
Bertsoapp, Txinatik bertsotan iOS gailuen bidez
Lan Irekiak, herritarren ekimenak garatzeko plataformak, beste ekimen bat jaso du bere baitan: Bertsoapp aplikazioa.
Appleren denda birtualean, App Storen, Lander Unanuek (@abarkatxo) garatutako Bertsoapp aplikazioa dago nahi duen ororen eskura, doan. Orain, Lan Irekia plataformaren baitan (Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak erabiltzen dituzten proiektuak biltzen dituen plataforma) ere jasota dago aplikazio hori, beste ehun bat ekimenekin batera. Egun, Txinan bizi da Unanue. Handik azaldu dizkigu Bertsoapp-en nondik norakoak eta hemendik aurrerakoak: Zer da Bertsoapp? iOS gailuetarako, hau da, iPhone, iPad eta iPod Touch gailuentzat garatutako aplikazio bat da, bertsoekin jolasteko balio duena. Pantailan, bertso bat agertuko da, baina errima edo oinik gabe. Ondoan, bertsoaren oinak agertzen dira, desordenatuta. Erabiltzaileak bertsoa osatu beharko du, errimak ordena egokian sakatuz, bertsoak zentzua izan dezan.
Nola sortu zenuen eta zer bilakaera izan du azken urteotan? Aspaldi, mugikorren munduan murgildu nintzen, eta App Storen euskarazko aplikazioen gabezia ikusita, horrelako bat garatzea bururatu zitzaidan, baina ez nekien zein! Beti maite izan dut bertsolaritza, bertsozale amorratua bainaiz, eta neure buruarekin puntuka ari nintzela bururatu zitzaidan.Oraindik, hilabete batzuk baino ez dira pasatu, apirilean argitaratu baizen lehenengoz, eta egia esan, oso harrera ona izan du erabiltzaile artean; horiek dira benetako protagonistak. Animoak eta aholkuak ematen dizkidate zer hobetu edo beraiek zer nahiko luketen eskatuz. 650 deskarga baino gehiago izan ditu dagoeneko!
Azken egunotan, berrikuntzak sartu dituzu eta beste batzuk sartzekotan zaude ezta? Bai, hala da; Doinutegi atala gehitu diot. Bertan, 80 doinuren hasiera entzun daiteke. Hau da, adibidez, erabiltzaileek eskatutako ezaugarrietako bat aplikazioak musika edo doinua izatea. Hala ere, ez da lan erreza izan, alde batetik, memoria kontuak zaindu behar direlako eta bestetik, iPhone berriak eta iOS6 sistema eragileak, hankaz gora jarri baitute aplikazioa bera, hainbat arazo sortaraziz.
Bide horretan, Bertsozale Elkartekoekin harremanik izan al duzu? Ez, baimenak eskatu baditut ere, nire kabuz, ordu libreetan sortutako aplikazioa da. Gainera, Txinan lanean ibili naizela garatu dut, Euskal Herriko kultura faltan botatzen nuelako, agian.
Lan Irekia ekimenetik zer espero duzu? Lan Irekia plataformarekin kontaktuan jarri nintzen, aplikazioak oihartzun handiagoa izan zezan. Nire interesa, bertsolaritza jendearengana hurbiltzea da... horregatik ere, aplikazioa doan jartzea erabaki nuen, kultura ahalik eta eskuragarrien izan behar lukeela iruditzen zaidalako.
Euskal Herrira itzultzeko asmorik? Bada, oso gustura nago Txinan. Bi urte daramatzat hemen. Hala ere, aplikazioak garatzeko Abarkatxo proiektua hemendik martxan jartzea ezinezkoa denez, laster itzuliko naizela esango nuke, beste amets bat egia bihurtzeko.
Elkarrizketa honek, bertsoen antzera, amaiera ona beharko luke
Amaitzeko, euskal gizartean oso ezaguna den esaera bat aipatuko nuke: "Kantatzen duen herri bat ez da inoiz hilko".