Teknologia -
Lan Irekia Jardunaldia
Herri ekimena eta enpresa berrikuntza, bat eginda
Lan Irekia plataformak antolatuta, urriaren 30ean, Deustuko Unibertsitatean, hainbat herri ekimenetako eta enpresa zein erakundetako arduradunak elkartuko dira, lankidetza bideak ezartzeko.
Lankidetzarako topaketa batekin amaituko da Lan Irekia (@lanirekia) prozesua datorren urriaren 30ean, Deustuko Unibertsitatean. Bertan, herri ekimenetako bultzatzaileek enpresetako eta erakundetako ordezkariekin esperientziak partekatzeko aukera izango dute. Proiektuak bideragarri egiteko lankidetzak eta akordioak lotzeko abagune izango da topaketa hau.
Lan Irekia herri ekimenak babesteko plataforma bat da. Horretarako, herri ekimena, profesionalen aholkularitza eta enpresa eta erakundeen babesa bateratzen ditu. Kataluniako Ciudadania 4.0 ereduan oinarritutako egitasmoa da eta Agenda Digitala 2015 , diariovasco.com, Gaia, Deustuko Unibertsitatea, eitb.com, Tecnalia eta Telefonica dira babesleak.
Herritarrak, eskuragarri dituzten euskarriak erabilita, gai dira antolatzeko eta sortzeko, Lan Irekiaren arabera. Era berean, enpresek eta erakundeek, batzuetan, pertsonengandik eta benetako beharretatik urrun dauden berrikuntza-proiektuak garatzen dituzte, garatzeke dauden teknologietan oinarrituta. Herri ekimenek enpresen eta erakundeen babesa behar dute garatzeko, eta elkarrekin lan eginez, beren prozesuak hobetu ditzakete. Bi alde horien arteko uztarketak eta lankidetzak aztertzeko aukera izango da Lan Irekia Jardunaldia.
Hala, urriaren 30eko ekitaldian, herri ekimenak aurkeztuko dira, eta, ekimenen eta enpresa eta erakundetako ordezkarien artean harremanak izateko aukerak eskainiko dira. Lan Irekia Jardunaldiko antolatzaileek honako arrazoiak azpimarratu nahi izan dituzte, ekimenean parte hartzeko gonbitean: "lankidetza, negozioa, dinamizazioa, pizgarri berriak, integrazioa, aukerak ..."