cerrar buscador

12:54

eguraldia

Denboralea

Zazpi metroko olatuak espero dira astearterako

Erredakzioa

Asteazkenerako alerta laranja ezarri dute Bizkaian eta Gipuzkoan euriteengatik.

  • Itsasgoraldiaren ondorioz, 5 metrorainoko olatuak espero dira euskal kostaldean. Argazkia: EFE

    Itsasgoraldiaren ondorioz, 5 metrorainoko olatuak espero dira euskal kostaldean. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du astearterako, itsasaldean, zazpi metrorainoko olatuak izateko arriskuagatik.

Alerta egun osoan izango da indarrean; goizean 5-6 metrokoak izatea aurreikusi dute, eta zazpi metrokoak eguneko bigarren partean.

Kostari dagokionez, alerta 19:00etatik 23:00etara egongo da aktibatuta, izan ere, zazpi metrorainoko olatuak izatea aurreikusten du Segurtasun Sailak.

Asteartean, era berean, abisu horia ere indarrean egongo da elurragatik, barnealdean soilik, goizaldean elurraren maila 500-600 metroan kokatzea aurreikusi baitute.

Asteazkenari dagokionez, Bizkaian eta Gipuzkoan prezipitazio iraunkorrak izan daitezkeela eta, alerta laranja ezarri du Jaurlaritzako Segurtasun Sailak.

Euskalmeten iragarpenaren arabera, Bizkaiko hainbat tokitan 60 litro pilatu daitezke metro koadroko eta 80 litro, Gipuzkoan (batez ere ekialdean).

Goizaldean trumoi-ekaitzak jo eta txingorra egin dezake Kantauri isurialdean.

Astelehenean, barnealdean elurragatik eta kostaldean itsasaldeko arriskuagatik ezarritako abisu horiek indarrean jarraituko dute; elur-maila 700-800 metrotan kokatuko baita eta, 18:00etatik aurrera, olatuak 4-5 metrorainokoak izan bailitezke.

Alerta Nafarroan

Andosilla eta Mendavian Nafarroako herrietan alerta ezarri dute Ega eta Ebro ibaiek gainezka egiteko arriskua dagoelako. Castejonen, aldiz, aurrealerta egoeran daude.

Arga ibaia Iruña parean, gainezka eginda. EFE

Arga ibaia Iruña parean, gainezka eginda. EFE

Andosillan, Nafarroako Gobernuak zabaldutako datuen arabera, Ega 2,55 metrora heldu da eta emaria 120,37 metro kubiko/segundokoa da.

Era berean, Mendavian, Ebroren maila 3,58 metrokoa da eta, emaria, 697 metro kubiko/segundokoa; Castejonen, halaber, 5,67 metroko maila eta 1.214 metro kubiko/segundoko emaria dabil.

Belaguako mendatea, NA-137 (Burgi-Isaba-Frantzia) errepideko 47. kilometroan (Juan Pito benta parean), itxita dago elur-bisutsaren ondorioz.

Halaber, NA-2011 (Salazar-Frantzia, RD-26, Port de Larrau) errepidea itxita egongo da maiatzaren 1era arte. Azkenik, N-113 errepidea (Iruña-Madril) itxita dago uholdeen ondorioz 75. eta 77. kilometroen artean.

Iruzkinak