eguraldia
Denboralea
Erredakzioa
Baliteke 95 kilometro orduko haize-boladak izatea. Kateak erabili behar dira Belaguan eta Izaba-Zuriza errepidean.
Albisteak (1)
Bideoak (1)
audioak (1)
Informazio gehiago (1)
Aemetek alerta laranja ezarri du 18:00ak arte Nafarroan haizeagatik. Baliteke 95 kilometro orduko haize-boladak izatea Foru Erkidegoaren erdialdean eta Erriberan.
Elurra botatzen hasi da bart EAEko eta Nafarroako inguru altuenetan. Meteorologia agentziek aurreikusi zuten moduan, elur-kota 1.000 metrotik behera erori da eta prezipitazioak elur bihurtu dira Arabako eta Nafarroako mendate altuenetan, ibilgailuen joan-etorriak oztopatuz.
Opakua Arabako mendatean, Ertzaintzak arretaz gidatzeko deia egin du elurra ari duelako. Nafarroako Gobernuak, bere aldetik, jakinarazi du beharrezkoa dela kateak erabiltzea Belaguako mendatean eta Izaba-Zuriza errepidean.
Hori horrela, Herrizaingo Sailak abisu horia ezarri du elurragatik gaurko 20:00ak arte.
Egoera Espainian
Estatuan, halaber, eguraldi kaskarrak arazo ugari sortu ditu.
Ordu hauetan, dozena bat errepide eta lau mendate itxita daude elurragatik eta euriagatik.
Katalunian, adibidez, zenbait trenbide eta errepide itxita daude eta oraindik, 1.800 lagun argirik gabe daude Gironan. Atzo 10.000 ziren kaltetuak.
Zuriz tintatu eta urak hartu zuen atzo Alacanteko Novelda herria. Milaka tona mahats alferrik galdu dira.
Lau erromes talde erreskatatu dituzte
Eguraldi txarrak oharkabean harrapatu ditu zenbait lagun. Burgeteko suhiltzaileek Donejakue Bidea egite ari ziren lau erromes talde erreskatatu behar izan zituzten atzo. Luzaide eta Orreaga arteko etapa egiten ari ziren eta, hotzari aurre egiteko arroparik ez zutelako edo desorientatu egin zirelako, ezin izan zuten bidea amaitu, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez.
Iragarpena
Neguko giroa nagusi izango da gaur, asteartea. Euria izango da eguneko protagonista; zaparradak ugariagoak eta sarriagoak izango dira kostan, eta are zakarragoak izan litezke goizaldean eta goizean goiz. Termometroek ez dituzte 10 graduak gaindituko kostan eta barnealdean, tenperatura freskoagoa izango da. Eguneko lehen orduetan elur-kota 700-800 metrotan kokatuko den arren, arratsaldean goranzko bideari ekin liezaioke eta 1.100-1.300etara iritsi.
Giro goibelari eutsiko dio asteazkenean eta berritasun moduan, maximoek gora egingo omen dute. Horrenbestez, elur-kota 1.100-1.200 metrotan kokatuko da eta 1.300-1.400 metrora igo liteke. Ez du zaparrada handirik botako, baina tarteka euria egingo du.
Honenbestez, udazkeneko eguraldi zakarrarekin hasi dugu maiatza. Asteazkenera arte, behintzat, aterkia izango dugu lagun eta tenperaturak ez ditu 10-12 graduak gaindituko, Euskal Meteorologia Agentziak (Euskalmet) aditzera eman duenez.
orain albiste
albisteak
Erlazionatutako edukiak:
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
Kirola
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa