cerrar buscador

08:53

eguraldia

Eguraldia

Baretzen ari da euri denboralea

Erredakzioa

- Eusko Jaurlaritzak kendu egin du uholdetarako larrialdi plana.

- Ibaiak goraino daude, baina ez dago uholde arriskurik.

59
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali
Euri denboralea baretzen hasi da gaur, eta horrenbestez, urrundu egin da atzo Bizkaiak gertu izan zuen tragediaren mamua. Izan ere, Bizkaia hondamendiaren atarian geratu zen, Bilboko itsasadarrak eta hainbat ibaik, Cadaguak, Butroek eta Gobelak, kasu, gainez egin baitzuten.

Gaua lasaia izan da atzoko egunarekin alderatuta, eta ibaiak goraino badaude ere, oraingoz ez dago uholde arriskurik, Suhiltzaileen eta Udaltzaingoen arabera.

Euriteak Bizkaitik Gipuzkoara mugitu dira, baina badirudi ez direla izango atzokoak bezain bortitzak.

Hori horrela, Herrizaingo Sailak kendu egin du uholdetarako larrialdi plana, baina Euskalmetek alerta horiari eutsi dio euriteak direla eta. Nafarroan ere ez daude jada alerta laranjan.

Errepide sare nagusia ere normaltzen hasi da, eta BI-634 errepidea baino ez dago itxita, Gatika parean. N-240 errepidean errei bat dago itxita, Barazar parean, atzo jazotako lur-jausi baten ondorioz.

Euriteen egoera

Une honetan, euriteak Bidasoa astintzen ari dira batik bat, baina ez dute aparteko arazorik eragin eta jada baretzen hasiak dira. Azken orduetan 54 litro ur erori dira metro karratuko Hondarribian.

Estatuko Metereologia Agentziaren (AEMET) arabera, euriak baretzen eta ekialdera egiten ari dira, Bidasoaren alde nafarrara, hain zuzen ere.

Denborealeak ez du aparteko arazorik sortu gaur goizean Gipuzkoan. Lur-jausi batzuk jazo dira, baina ez errepide nagusietan.

Lur-jausi horietako batek kalteak egin ditu Zarautzeko Abendañoko industriagunearen propano biltegi batean, eta ondorioz alboan dagoen enpresa bat hustu behar izan dute.

Gipuzkoako ibaien emaria egonkorra da eta euriak gero eta ahulagoak dira.

Getxoko alkateak uholde arriskua kentzea eskatu du

Imanol Landa Getxoko alkateak oharra igorri dio Eusko Jaurlaritzari, atzo izan ziren uholdeek "lehentasunen" artean jarri beharko luketela "Gobelako proiektua".

Landak berretsi du horren alde lan egiten jarraituko duela "Getxon dugun uholdeen arrisku orokorra eta indar handiz euria egiten duen bakoitzean bizi dugun kezka eta ezinegona" desagerrarazteko.

"Nazkatuta eta nekatuta gaude egoera hauekin", azpimarratu du.

Basauriko Udalak salaketa jarriko du Jaurlaritzaren aurka

Bestalde, Basauriko Udalak iragarri du salaketa jarriko duela Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren eta Uraren Euskal Agentziaren aurka, "oraindik ez baitituzte egin Nerbioi ibaia bideratzeko lanak".

Agiri batean, Udalak salatu du herriak "hamarkadak" daramatzala uholdeak pairatzen ibaia hazten den bakoitzean.

Bizkaia, hondamenditik gertu atzo

Atzoko euriteek 1983ko uholdeak ekarri zituzten gogora Bizkaian, zaparrada oso handia izan baitzen. Abusun (Bilbo), adibidez, 198 litro ur erori ziren metro karratuko.

Bilboko itsasadarrak gainez egin zuen Areatzan, Olabeagan, Deustun, Elorrietan eta Erriberako Merkatuaren parean.

Udalak larrialdi mahaia deitu zuen, eta zakuak jarri behar izan zituen Zorrozaurren eta Alde Zaharrean. Gainera, dendak ixtea eta ibilgailuak itsasadarretik urruntzea gomendatu zuen.

Arriaga Antzokia ez zen urpetu, baina bai, ordea, Erriberako Merkatua.

Buiagoiti auzoan, ur pilaketen ondorioz autoan harrapatuta geratu zen emakumezko bat erreskatatu behar izan zuten.

Mungian, Gamizen, Fikan eta Gatikan ere egoera oso larria izan zen, Botroe ibaiak gainez egin eta gero. Gatikan beste emakume bat erreskatatu zuten, haren etxebizitzan kasu honetan.

Cadagua ibaiak ere gainez egin zuen Alonsotegin eta Gueñesen, eta Basaurin Lezama-Legizamon industriagunea hustu behar izan zuten, Ibaizabal eta Nerbioi ibaiek bat egiten duten lekuaren egoera dela eta.

Getxon, 11 bizilagun hoteletara eraman behar izan zituzten, Gobelak hainbat kale, etxebizitza eta aparkaleku urpetu baitzituen.

Trafikoari buruzko informazioa

- Euskadi: 902 112 088. Interneten trafikoa.net webgunean.

- Nafarroa: 900 400 100. Interneten navarra.es webgunean.

Iruzkinak