Itxi

EITB TALDEA

A25

A25 Emakumearen Aurkako Indarkeriari aurre egiteko Nazioarteko Egunarekin bat egingo du EITBk

EITB Media

EITBren hedabide guztietan amankomunean landuko den crossmedia gai bat izango dute: indarkeria sufritu ondoren, babestuta bizi behar duten emakumeak.

  • Emakumeen kontrako indarkeria

    Emakumeen kontrako indarkeria. Argazkia: Pixabay

Gaur, azaroaren 25a, Emakumearen Aurkako Indarkeriari aurre egiteko Nazioarteko Eguna da. Mundu osoan emakumeek pairatzen duten indarkeria salatzeko egunarekin bat eginez, EITBk indarkeria honen arazoari ikusgarritasuna emateko ardura hartuko du, taldeko hedabide guztietan eduki bereziak eskainiz.

Aurten, EITBren hedabide guztiek amankomunean landuko duten crossmedia gai bat izango dute: indarkeria sufritu ondoren, babestuta bizi behar duten emakumeak. Horretarako, EITBko albistegi tarteek, ordutegi nagusian, eskoltarekin bizi diren emakumeen testigantzak jasoko dituzte eta pertsona adituen ikuspegia bilduko dute.

Indarkeria matxista jasan duten emakumeen birbiktimizazioaz gain, EITBko saio ezberdinetan beste ikuspuntu batzuk ere jorratuko dituzte, horien artean, emakume gazte eta adinekoen kontrako indarkeria alor publiko zein pribatuan.

Telebistan, lehen orduan, ETB1eko "Egun On Euskadi"n, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria izango dute gonbidatu. ETB2ko "En Jake" saioak, bere aldetik, nerabe eta gazteen artean sortzen diren jarrera matxistak aztertuko dituzte, mugikorraren bidezko kontrola eta sare sozialetako jazarpena, besteak beste.

Arratsaldean, "Ahoz Aho" saioa gaiaren inguruan arituko da, astean osoan egiten ari den bezala, eta "Biba Zuek!"en indarkeria matxistari helduko diote, gizarte moduan adi egotearen garrantzia azpimarratuz.

ETB2ko "Nos Echamos a la Calle" saioak indarkeriaren biktima izandako emakumeen testigantzak bilduko ditu: egoera horretatik irtetzea posible dela eta bizitzarekin aurrera jarraitu izan dutela azalduko dute.

Irratietan, Euskadi Irratiko "Albiste Faktoria"n eskoltarekin bizi den emakume bat elkarrizketatuko dute. Gainera, biktimek epaitegietan egin behar duten bidea azalduko dute. Magazinean, Josune Muñozek nerabeei zuzendutako telesailetako indarkeriaren inguruko ikerketaren ondorioak aurkeztuko ditu. Arratsaldean, "Baipasa" saioak emakumeen kontrako indarkeria sareetan nolakoa den aztertuko du aditu eta gazteen ikuspuntutik.

Radio Euskadiko "Boulevard" saioan, eskoltarekin bizi den emakume batekin mintzatuko dira lehendabizi eta adituekin solasaldia izango dute ondoren. Gainera, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua elkarrizketatuko dute. "Distrito Euskadi"n, 50 eta 70 urte bitarteko emakumeen testigantzak jasoko dituzte; indarkeria matxistaren biktimak izan dira, baina lortu dute egoeratik ateratzea. Gainera, mikroindarkeri matxistak ezagutuko dituzte eta Pikara Magazine aldizkari digitaleko kazetariekin arituko dira.

Bestalde, "Radio Vitoria Gaur" saioak Sara Polo Save the Childreneko Haur Politiken arduradunari elkarrizketa eskainiko du, nerabezaroko indarkeria matxistari buruzko txostena aztertzeko. Magazinak, gainera, berdintasunezko gizartea eraikitzeko ekimenetan jarriko du arreta. Bestalde, Radio Vitoriako programazioak Traspasos antzerki konpainiaren ekimen kulturalaren berri emango du, ikastetxeetan indarkeria matxistaren aurrean sentsibilizatzeko helburuarekin.

Bestalde, eitb.eus-eko lantaldea indarkeria ikusarazten lagunduko duten elkarrizketak eta erreportajeak argitaratzen ari da egunotan. Horrez gain, webgune berezia dute EITBko hedabide eta saio ezberdinetan landutako edukiak biltzeko. Bestalde, ostiralean, azaroaren 26ean, gazteei zuzendutako Beldur Barik topaketa zuzenean izango da ikusgai streaming bidez, 19:00etatik aurrera, eitb.eus-en.

Gainera, "EITBPodkast" atariak Anjel Lertxundi idazlearen Zoaz infernura, laztana audioliburua estreinatuko du, azaroaren 25ean. Ainhoa Ayerbe aktorearen narrazioarekin, bikote harremanak eta emakumeen kontrako indarkeria lantzen ditu liburuak.