Itxi

EITB TALDEA

Euskaraldia

EITBk Euskaraldiarekin bat egingo du

EITB Media

Euskaraldiaren berri emateaz gain, EITBk eduki bereziak landuko ditu, eta erakunde gisa ere, parte-hartze aktiboa izango du, hedabide taldearen barruan hainbat arigune antolatuz.

  • Euskaraldia EITBn.

    Euskaraldia EITBn.

EITBren hedabide eta profesionalek Euskaraldiarekin bat egingo dute aurten ere. Hitzez ekiteko garaia lelopean, gure hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozial handia azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean egingo da, gizartearen gune guztietara zabaltzeko asmoarekin. Bi aste horietan zehar, EITBk hedabide guztietan emango dio oihartzuna ekimenari, eta, horrez gain, eduki bereziak landuko ditu. Erakunde gisa ere, parte-hartze aktiboa izango du, eta taldearen barruan hainbat arigune antolatuko dituzte. Ariguneak, izenak iradokitzen duen bezala, euskaraz aritzeko guneak dira.

Bestalde, EITBko irrati eta telebistako saioek tarte bereziak eskainiko dizkiote Euskaraldiari. Halaber, "Dailobit" saio bereziak izango dira ikusgai azaroaren 27an eta abenduaren 4an, Leire Palaciosek eta Alessandro Ruttak gidatuta. Gainera, EITBPodkast atariak Euskaraldiari buruzko "Zapla!" podcasta estreinatu berri du.

Euskaraldiaren bezperako ekitaldiari jarraipen berezia

Ostegunean, azaroaren 17an, Euskaraldia hastera doala iragarriko duten ekitaldiak egingo dira euskal hiriburuetan: Baionan, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. ETB1eko "Biba Zuek!" saioak zuzenean emango du Donostiako ekitaldiaren berri Izaskun Moyano kazetariaren eskutik, eta, gainera, bost hiriburuetan aldi berean egingo duten txapa janzte bateratuarekin bat egingo dute saioan ere, une hunkigarri eta berezi hori ikus-entzuleekin partekatuz.

Bestalde, bai "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegiek, bai Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik ere, bertatik bertara jarraituko dituzte hiriburuetako ekitaldiak. Halaber, EITBko hainbat profesionalek txapa jarri eta euren aurtengo erronka azalduko dute.

Eduki bereziak EITBko hedabide eta saioetan

"Biba Zuek!" saioaren denboraldi berria hasi zenetik, astero, Marta Elvirak gidatutako tarte berezia eskaini dio ETB1eko arratsaldeko saioak Euskaraldiari. Ekimena iraungo duen bi asteetan zehar, atal berezia mantentzeaz gain, solasaldiak, erreportajeak eta gonbidatuak izango dituzte platoan. Urko Aristik gidatzen duen "Hitzokei" saioak ere arreta bereziarekin jarraituko du Euskaraldia, eta, egunero, ekimenaren inguruko eduki, tarte edo aipamen bereziren bat eskainiko du.

Bestalde, ETB2ko "En Jake" eta "Nos Echamos a la Calle" eguneroko saioetan elkarrizketak eta ekimenaren inguruko inkestak eta erreportajeak eskainiko dituzte. Euskaraldiarekin bat egingo duten beste saioen artean, nabarmentzekoak dira "Mihiluze", "Jateko Modukoa", "Piztu Telebista", "Txoriene", "Joseba Arguiñano Sukalerrian", "Atrápame Si Puedes" eta "Esto No Es Normal",  bai aipamena eginez bai saioaren atal edo proben edukia Euskaraldiari eskainiz.

Euskadi Irratian, Euskaraldiaren jarraipen zabala egingo dute, eta, horrez gain, txapekin jolastuko dute, eta rol ezberdinak dituzten pertsonen istorioak eta ariguneetako adibide zehatzak kontatuko dituzte magazinetan. Radio Euskadik ere eduki bereziak eskainiko ditu ekimenaren inguruan: elkarrizketa eta atal bereziak, besteak beste.

"Dailobit" saio berezia

Euskara eta euskal kultura ardatz hartuta, Euskaraldiaren inguruko "Dailobit" saio bereziak izango dira ikusgai azaroaren 27an eta abenduaren 4an, 22:15ean ETB1en eta eitb.eus-en. Euskaraldiaren gaineko bi begirada eskainiko ditu saioak: alde batetik, Leire Palacios kazetariarena; bestetik, Alessandrio Rutta italiar euskaldun kazetariarena.

Bata komunikatzailea eta kulturgilea da, bestea, atzerritar euskaldun berria. Bien abiapuntua ezberdina izanda ere, bakoitzak bere begirada eskainiko du, eta Euskaraldiak batzen dituen istorioak eta bizipen pertsonalak gerturatuko dizkigute bi saioetan.

Euskaraldiak utzitako aje gozoaren ondoren, ETB1ek "Dailobit" saioaren hirugarren atala eskainiko du abenduaren 11n. Durangoko Azokan murgilduko dira bi aurkezleak: azokaren tripak ezagutuko dituzte, prestaketa lanak, artisten sentsazioak, gure aurkezleenak, eta baita bertara gerturatzen den publiko anitzarena ere.

"Zapla!" podcast berria

Euskaraldiaren hirugarren edizioaren testuinguruan, hizkuntza ohiturak aldatu, eta euskarazko praktika linguistikoak indartzeko sortu den tresna berria da "Zapla!" podcasta. Azaroaren 1etik dago entzungai EITBPodkast atarian. Monika Belastegi eta Juankruz Lakasta kazetariek gidatuta, Belarriprest eta Ahobizi guztientzat lagungarri diren ariketak proposatzen ditu astero.

Lau atal ditu, eta bakoitzean, gai nagusi bat landuko da. Hasteko, estres linguistikoa eta hizkuntza asertibitatea, ikuspegi psikologikoa aztertuz. Bigarrenean, hizkuntza hautua eta hizkuntza-ohiturak aldatzeko prozesua aztertuko da. Hirugarren atalean, hizkuntza portaerak landuko dira, asertiboki jokatzeko baliabide zehatzak eskainiz. Amaitzeko, laugarren atalean, hiztunen praktikarako gune babestuen sorrera aztertuko da.