11:46

Gaztea

Teknologia

Urte berrirako asmoak betetzen lagunduko diguten bost app

B. F. | EITB Media

Kirola egiten hastea, ingurukoekin denbora gehiago pasatzea, dirua aurreztea edo sare sozialetan denbora gutxiago ematea izaten dira urteko asmo errepikatuenak. Horretarako, badaude lagundu gaitzaketen hainbat aplikazio.

  • Mugikorrak

    Mugikorrak. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Urte berriarekin batera datorren asmo onen zerrenda osatzen hasi garen honetan, Spendee, Focus Plant, Entrenamiento de 7 minutos, Journey eta Sleep Timer aplikazioak lagungarriak izan daitezke. Bostak doakoak dira eta iOS zein Android gailuentzat balio dute.

Spendee

Spendee finantzak kontrolatu eta dirua aurrezteko aplikazioa da. Hainbat kategoria ditu, eta eskuz erregistratu ditzakezu eguneroko gastuak, hileko gastu finkoak, erosketak zein diru sarrerak.

Modu errazean erakusten dizu xahutu duzun dirua, baita aurreztu duzuna ere. Gainera, norbere buruari mugak jarri eta alertak jasotzeko aukera ematen du.

Spendee aplikazioa

Spendee aplikazioa

Focus Plant

2022an mugikorra, ordenagailua eta bestelako gailuak alde batera utzi eta ikasketetan edo lanean zentratu nahi badugu, Focus Plant aplikazioak modu dibertigarrian egiteko aukera emango du.

Jolas gisa planteatutako tresna honekin landarak eta loreak zaintzen ikasiko dugu. Baina, nola? Mugikorra ez den beste edozein gauza egiten (ikasten, lanean, irakurtzen, lagunekin, garbitzen…) gauden bitartean, gure lorategi birtuala ureztatzeko balioko duten ur tantak sortzen joango gara. Hala, gure arreta nahi dugun gauza horietan jartzen joan ahala, gure lorategi birtuala handitzen eta edertzen joango da.

Gainetik, egunean zehar egindakoa erregistratu eta lorpenak gordeta uzteko aukera ematen du. Bakarrik ez ezik, lagunekin ere erabil daiteke appa. Talde lan bat egiteko orduan, adibidez, talde osoak erabili dezake tresna egiten ari den horretan arreta guztia jarri eta lorategi kolektibo bat sortzeko.

Sleep Timer

Lo gelditzeko soinuren bat entzutea behar duten horientzako aplikazioa da Sleep Timer. Spotify, Youtube edo beste edozein plataformako audioak entzuten lokartzea gustuko baduzu, Sleep Timerrek erreprodukzioa geldituko dizu zuk agintzen diozun denbora igarotzen denean.

Behin denbora finkatuta, atzera kontu bat jartzen du martxan. Denbora igarota lokartu ezinda bazabiltza, mugikorra astinduta erreprodukzioa luzatzeko aukera ematen du.

Azkenik, behin denbora agortuta, mugikorrak zer egitea nahi duzun konfiguratu dezakezu: hasierako pantailara itzultzea, pantaila itzaltzea, WiFia deskonektatzea edo Isiltasun moduan jartzea, adibidez.

Sleep Timer aplikazioa

Sleep Timer aplikazioa

Entrenamiento en 7 minutos

Urteroko helburua da askorentzat: kirola egiten hasi edo bizitza sedentarioa alde batera uztea. Gorputza mugitzen laguntzeko hamaika aplikazio dauden arren, Entrenamiento en 7 minutos izenekoak hainbat berezitasun ditu: kirola etxetik, denbora tarte labur batez eta modu errazean egiteko animatzen gaitu.

30 segundoko iraupena duten 12 ariketa daude entrenamendu bakoitzeko, tartean 10 segundoko atsedenaldia dutena. Hainbat kategoria daude, eta tonu fisikoa hobetu ahala mailaz igotzeko aukera ematen du.

Journey

Aurretik aipatutako guztia eginda, egunerokoaz disfrutatzeko astia ere badago. Gertatzen zaiguna bildu eta eguneroko digital bat sortzeko aukera ematen du Journey aplikazioak. Egunero, notak idatzi, argazkiak gorde eta tenperatura edo zauden lekua erregistratu ditzakezu.

Aplikazioak datu horiek guztiak sailkatu eta egutegian txertatzen ditu, oroitzapenak modu erakargarri eta bisualean bilduz. Gainera, multiplataforma funtzio premiuma du: hilean diru kopuru bat ordainduta, Journey edozein gailutan sinkronizatu daiteke. Horrela, mugikorra galdu edo izorratzen bazaigu, gure oroitzapenak beste edozein gailutan berreskuratzeko aukera izango dugu.

Iruzkinak

  • Irratia zuzenean