10:55

Gaztea

Musika

Eguna iritsi da eta badaude ’20 de enero’ri buruz ez dakizkizun hamar bitxikeria

B. F. | EITB Media

La Oreja de Van Goghen klasikoak hogei urte bete ditu aurten. Eta, bai, badaude oraindik abestiari buruz ez dakizkizun hainbat gauza.

  • Amaia Montero, '20 de enero'ren bideoklipean

    Amaia Montero, '20 de enero'ren bideoklipean

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

La Oreja de Van Goghen "20 de enero" abestiak hogei urte bete ditu aurten. Oroimenean galtzetik urruti, inoiz baino ozenago entzun dugu gaur, urtarrilak 20, Euskal Herriko zein nazioarteko zaleen sare sozialetan.

Abestiaren urteurrenean, LODVGen hitaren inguruko hainbat bitxikeria ezezagun bildu ditugu.

1. Benetako istorio batean oinarrituta?

Amaia Monterori, taldeko orduko abeslariari, gertatutako maitasun istorio batean oinarritutako abestia dela pentsatu izan dugu beti. Baina kantaren letra ez zuen Amaiak sortu, edo ez berak bakarrik. Taldeko kideek Diario Vascori emandako elkarrizketa honen arabera, Pablo Venegasek eta Xabi San Martinek idatzi zuen letra, Amaiarekin elkarlanean.

Hala ere, taldekideek ez dute busti nahi izan, abestien atzean dauden istorioak kontatu izan dituztenean "hainbat disgustu" eragin baitituzte.

2. Singlea izan behar zuen baina ez zuen lortu

"20 de enero" abestia 2003an argitaratu zen, Lo que te conté mientras te hacías la dormida diskoaren baitan. Abestiak LPko lehen singlea izan behar zuen, baina taldeak eta diskoetxeak iritziz aldatu zuten azken momentuan, "Puedes contar conmigo" abestia aukeratuta.

Abestiak gerora izandako arrakasta ikusita, damutu ote dira orduan hartutako erabakiaz?

3. Amara auzoan jaio zen

Abestiaren melodia zutenean, garai hartan Donostiako Amara auzoan zuten lokalera gerturatu eta taldekideak kantari forma ematen hasi ziren, elkarrekin.

Lo que te conté mientras te hacías la dormida izan zen Amarako lokalean sortutako lehen diskoa, aurreko biak Egia auzoko Karmengo Ama kalean zuten "zulo batean" konposatu baitzituzten.

4. 600.000 kopiatik gora

Taldearen hirugarren lan luzeak 600.000 kopia saldu zituen espainiar Estatuan. Gainera, donostiar bandak sei platino disko eta platino disko bat eskuratu zituen 2003ko diskoagatik.

5. Errekorra Hego Amerikan

Lo que te conté mientras te hacías la dormidak mugak zeharkatu zituen. Izan ere, La Oreja de Van Goghen diskorik salduena izan da Hego Amerikan. Txilen bereziki gogor jo zuen lanak, eta 2013ra arte honako errekorra izan du: XXI mendean formatu fisikoan gehien saldu zen diskoa izan zen.

6. Amaia, bakarrik, bideoklipean

Bandaren zaleek topatu dute honako bitxikeria: LODVGen ibilbide luzean, Amaia Montero bakarrik agertzen den bi bideoklip baino ez dituzte. Bata "Perdida" abestiarena, eta bestea gaurko protagonista, "20 de enero".

7. Urrezko Danborra, 2003an proposatu eta zazpi urte beranduago eman

2003an, diskoa kaleratu zen urtean, Donostiako Udalak ematen duen Urrezko Danborra eskuratzeko hautatuak izan ziren LODVGen kideak. Aukeratu bai, baina azken unean hautagaitza kendu zien Odon Elorza orduko alkateak, taldeko bost kideek ez zutelako sariaren araudia betetzen: ez ziren Donostian bizi.

Erabakiak hautsak harrotu zituen eta Udalak araudia aldatzea erabaki zuen. Hala ere, zazpi urte igaro ziren LODVGek Urrezko Danborra jaso zuen arte, azken hogei urteetan Donostian sortutako talderik arrakastatsuena den arren.

8. Askoren ereserkia

Eguna heltzean soilik ez, askorentzat egunero da urtarrilaren 20a. Bada, San Sebastian egunaren bueltan elkartutako bikote askoren ereserkia bihurtu da kanta. Horregatik, eguna gerturatu ahala, maitasun mezuz beteriko argitalpenak aurki ditzakegu sare sozialetan, "20 de enero"ren doinuarekin lagunduta.

9. Beste artista batzuen aitortza

Hamaika bertsio entzun ditugun arren, Ana Menarenarekin gelditzen gara. Aurten Fuenlabradan emandako kontzertu batean, publikoko kide bat igo zuen oholtza gainera. Bertan, mutilak berarekin ezkontzeko eskatu zion bikotekideari, Menak "20 de enero"ren bertsioa kantatzen zuen bitartean.

LODVGeko kideei ere gustatu zitzaien keinua, Twitterren honako mezua idatzi baitzioten: "Hurrengoa gurekin".

10. Leireren bertsioa

Historikoki omendu dugun bertsioa Amaia Monterorena den arren, Leire Martinezek (taldeko egungo abeslariak) ere badu "20 de enero"ren bertsioa. La Oreja de Van Goghen Nuestra Casa a la Izquierda del Tiempo (2009) izeneko diskoan aipatutako abestiaren bertsio akustikoa aurkitu dezakegu.

Iruzkinak

  • Irratia zuzenean