Gaztea
Bitxikeriak
Bad Gyalen 27ak: nondik dator 27en klubaren mitoa? Zein artistak lortu dute maldizioa apurtzea?
B. F. | EITB Media
27 urterekin zendu diren artista eta pertsona ospetsuen taldea da 27en kluba. 70eko hamarkadan adin horrekin hil ziren hainbat artistek piztu zuten mitoa.
-
Bad Gyal. Argazkia: @akabadgyal
Bad Gyal artista katalanak 27 urte bete berri ditu, Miribillako Bilbao Arenan eskainiko duen kontzertuaren (martxoak 16) atarian.
Zorion mezuen artean, 27en klubari erreferentzia egiten dion iruzkinen bat ikusi dugu bere sare sozialetan.
Baina, zer da 27en kluba?
70eko hamarkada hasieran asmatutako kontzeptua da, garai horretan hil ziren hainbat artista gazteren bueltan sortutakoa. Izan ere, 1969 eta 1971 urteen artean hil ziren Brian Jones, Jimi Hendrix, Janis Joplin eta Jim Morrison artistak, denak 27 urterekin.
Geroago etorri ziren Kurt Cobain Nirvana taldeko abeslariaren heriotza (1994) eta Amy Winehouse artistarena (2011).
Adin horrekin hil diren artista kopuruak zientziaren arreta piztu du, ikerketa gai izatera iristeraino. 2011n, British Medical Journalen publikatutako ikerketa batek 27ko klubaren ardatz nagusia ezeztatu zuen: ez dago harreman zuzenik artista izan eta 27 urterekin hiltzearekin.
Hiru urte geroago, 2014an, The Conversationen estudio batek datu gehiago eman zizkigun: musikari arrakastatsuek hiltzeko probabilitate handiagoa dute 56 urterekin (% 2,2) 27rekin baino (% 1,3).
Azalpen zientifikorik ez dagoen arren, droga kontsumoarekin, muturreko bizi estiloarekin eta buru osasun arazoekin lotura zuzena dute aipatutako heriotzetako asko.
Nerabezaroan eta gaztaroan bat-bateko arrakasta handia izan duten musikarietako askok igaro dituzte halako krisiak.
Justin Bieber artista da horietako bat. Gerora hainbat elkarrizketetan azaldu duenaren arabera, marihuana eta alkohola kontsumitu izan zituen aipatutako adinaren bueltan, menpekotasuna garatzeraino. Droga kontsumoa tarteko, "jarrera biolentoak" eta "neurrigabeko hira" zituela aitortu du artistak.
Britney Spears musikariak ere izan zuen bere krisialdia 27 urteen bueltan. Gerora jakin denez, Spearsek ingurukoen indarkeria (familia eta bikotekideak) pairatu izan du nerabezarotik, baita medioena ere. 26 urterekin errehabilitazio zentro batean ingresatu zuten, eta ordukoak dira ilea moztu eta paparazziei eraso egin zieneko irudi ezagunak.