Gizartea -

Etxegabetzea

Alokabidek familia bat etxetik bota du Gasteizen

Emakumeak azaldu du ezin izan duela alokairua ordaindu, Lanbidek laguntzak kendu dizkiolako. Etxetik bota duten emakumea indarkeria matxistaren biktima da.

Bere bi seme-alabekin batera etxetik bota duten emakumea. Argazkia: EFE
Bere bi seme-alabekin batera etxetik bota duten emakumea. Argazkia: EFE
Tentsioa Gasteizen izandako etxegabetze batean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alokabidek, babes ofizialeko etxebizitzen alokairua kudeatzen duen Eusko Jaurlaritzaren menpeko erakundeak, hiru kideko familia bat etxetik bota du Gasteizen, azken 22 hilabetetan 9.000 euroko zorra pilatzeagatik.

Etxegabetzea Zabalgana auzoan egin dute. Arabako Kaleratzeak Stop elkarteak deituta, dozenaka lagunek elkarretaratzea egin dute goizean, familia etxetik botatzea galarazteko asmoz. Ertzaintza bertaratu da eta tentsio-uneak izan dira.

Bere bi seme-alabekin etxetik bota duten emakumezkoa erietxera eraman behar izan dute, antsietate krisi batek jota.

Aurretik, emakumeak azaldu du ezin izan duela alokairua ordaindu, duela 22 hilabete Lanbidek laguntzak ukatu zizkionetik, inolako diru-sarrerarik ez daukalako.

“Alokabidek eta Lanbidek aukerak ematen dizkigute baliabiderik ez dugun pertsonei, baina gehien behar ditugunean bakarrik uzten gaituzte”, salatu du. Guztira, hiru seme-alaba ditu: bi, zazpi eta hiru urtekoak, berarekin bizi dira, eta hirugarrena, Arabako Diputazioaren ardurapean dago.

Emakumeak azpimarratu du berriro hasi dela gizarte-laguntzak jasotzen eta, beraz, zorra zatika ordaintzea proposatu diola Alokabideri, baina honek aukera hori baztertu egin duela. Azken unean, tutoretzapeko etxebizitza batean gela bat eskaini diotela erantsi du.

Gasteizen 20 urte daramatzala eta indarkeria matxistaren biktima dela ere kontatu du.

Arturo Val Arabako Kaleratzeak Stop elkarteko bozeramaileak jakitera eman duenez, 2016ko lehen hiruhilekoan Alokabidek 57 etxegabetze burutu ditu.

“Familiak botatzen ditu etxeetatik, adingabeak izan edo ez. Lotsagarria da Alokabidek pertsonak kalean uztea. Erakundeen porrota erakusten du honek. Alokabidek bankuek baino etxegatze gehiago gauzatzen ditu”, salatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Etxegabetzeak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gasteiz Eguneko albisteak Etxebizitza Zabalgana gaur