EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

Apirilak 5

Carlos Iturgaiz izango da PP-Ciudadanos koalizioko lehendakarigaia

Euskadiko PPko presidente ohiak, hortaz, Alfonso Alonso ordezkatuko du apirilaren 5eko hauteskundeetan. Pablo Casadok esan dio Alonsori ez dela lehendakarigaia izango.

Carlos Iturgaiz, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Carlos Iturgaiz, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Carlos Iturgaiz, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko PPko presidente ohi Carlos Iturgaiz izango da PPren eta Ciudadanosen arteko koalizioaren lehendakarigaia apirilaren 5eko EAEko hauteskundeetan, igande honetan PPko idazkari nagusi Teodoro Garcia Egeak jakinaraz duenez.

Horrela, Carlos Iturgaizek Euskadiko PPko egungo presidente Alfonso Alonso ordezkatuko du hurrengo hauteskunde autonomikoetako zerrendaburu gisa. Alonsok Twitterreko bere profilean jakinarazi zuen, minutu batzuk lehenago, Pablo Casado PPko presidenteak jakitera eman ziola bera ez dela lehendakarigaia izango.

Alonsok PPko eta Ciudadanoseko Espainiako zuzendaritzek adostutako akordioa gaitzetsi ostean hartu du erabakia Pablo Casadok. Bi alderdiak elkarrekin aurkeztuko dira EAEko hauteskundeetan.

Akordioaren arabera, hautagaitzak PP+Cs izango du izena, eta Ciudadanosi bi postu nagusi bermatzen dizkio. Lehendakarigaia, aldiz, PPk izendatuko du.

Erabakia jendaurrean aurkeztutakoan, Carlos Iturgaiz "ilusionatuta" azaldu da: "Gure euskal lurralde maitatuan askatasuna, Konstituzioa eta Espainia babesten erreferente gara", idatzi du Twitterreko bere kontuan. PP-Ciudadanos koalizioko hautagaiak 54 urte ditu, eta 1997an, ETAk Miguel Angel Blanco bahitu eta hil zuenean, EAEko PPko presidentea zen. Duela urtebete utzi zuen politika, Europako Parlamenturako hauteskundeetako zerrendetan lehen postuetan ez zegoelako.

Euskadiko PPk erabakia "elkarren arteko adostasunez" hartu izana ezezatu egin du

Garcia Egeak ziurtatu du Alonsoren gaineko erabakia "elkarren arteko adostasunez" hartu dutela; haren esanetan, igandean bertan hartu dute erabakia Madrilen, Euskadiko PPko liderra bertan zegoela. PPko idazkari nagusiak esker ona eta maitasuna helarazi dizkio Alonsori, bere izenean eta Casadorenean, eta egin duen lana eta buru-belarri aritu izana aitortu dio. "Beti izango gaitu, behar duenerako", adierazi du Garcia Egeak. Hala ere, ez du zehaztu Alonsok EAEko PPren liderra izaten jarraituko duen ala ez. Testuinguru horretan, PPko iturriek esan dute oraingoz hautagaitzaren gainean hitz egin dutela soilik, ez Euskadiko alderdiaren etorkizunaz.

Horren aurrean, EAEko PPk esan du erabakia ez dela elkarren arteko adostasunez hartu, eta Pablo Casadok inposatutako neurria izan dela gaineratu du. Euskadiko PPren iturriek Europa Pressi esan diotenez, Alfonso Alonso "kanporatu egin dute".

Iturgaizen gainean Garcia Egeak nabarmendu duenez, ibilbide aipagarria du, hautesle guztiontzako erreferentea da, alderdiaren balioak pertsonifikatzen ditu eta ilusioa sortzen duen proiektu baten burua izango da, "euskal herritar guztien batasuneko proiektu baten burua", hain zuzen ere. Horrez gain, horren hitzetan, PPko kideak izan diren guztiak batzen ditu, konstituzionalismoaren balioak "guztiz" ordezkatzen dituelako: "Askok bilatu zituzten balio horiek, eta, egun, gauzatu egin ditugu, PP-Ciudadanos koalizioarekin".

Astelehenean bilduko da Hauteskunde Batzordea, Iturgaizen hautagaitza onartzeko, eta Ciudadanosekin itxitako akordioa aztertuko du. Hitzarmen horren xehetasunak gerora jakinaraziko dituzte.

Pablo Casadok "eskerrak" eman dizkio Iturgaizi

Pablo Casadok, bere aldetik, eskerrak eman dizkio Carlos Iturgaizi erakutsitako "konpromisoagatik", eta esker ona agertu dio Alfonso Alonsori, "ibilbide osoagatik": "Eskerrik asko Carlos Iturgaizi bere konpromisoagatik, erreferente morala da eta PPren historian babesik handiena lortu duen lehendakarigaia, hauteskundeetan 2. geratu baitzen", idatzi du Casadok Twitterren.

Cayetana Alvarez de Toledo PPren Kongresuko bozeramaileak ere eman du erabakiaren gaineko bere iritzia: "Besteak beste, Carlos Iturgaizengatik eman nuen izena, duela 14 urte, Alderdi Popularrean. Nazionalismoaren aurrean, adorearen eredua da, bai eta uste oso demokratikoen eta nazionalismoari aurre egiteko gaitasunaren eredua ere", adierazi du aipatu sare sozial horretan.

Alvarez de Toledok nabarmendu du Iturgaiz "gizon baikorra" dela, eta hautagaia eta euskal herritar guztiak zoriondu ditu.

Akordioak, "batu baino gehiago, biderkatu egiten du"

Garcia Egeak azpimarratu duenez, PP-Ciudadanos akordioak, "batu baino gehiago, biderkatu egiten du". Etorkizunerako ituna da, eta konstituzionalismoaren balioak ordezkatzen ditu; izan ere, balio horiek "oso mehatxatuta" daude. "Erradikalena eta baztertzaileena den ezkerraren eskuinaldean dagoen eremu politikoa batu egiten du", gainera.

PPk eta Ciudadanosek bat egiteak "hainbat buruhauste" ekarriko dizkio ezkerrari, Garcia Egearen hitzetan. PSOEk "konstituzionalismotik alde egin du, agian betiko", eta, Euskadin, "nazionalismoaren satelite bilakatu da", ohartarazi du.

Horren arabera, hitzarmenak PPren oinarrien "erabateko babesa" du, eta oraindik hautagaitzak aurkezteko garaiz daudela gogorarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Albisteak Alderdi Popularra Azken ordukoa Bizkaia Gipuzkoako albisteak Araba EAE albisteak EAEko hauteskundeak Alderdi politikoak albisteak Euskadiko PP Hautagaiak gaur Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Alfonso Alonso albisteak EiTB Focus Hauteskundeak Hauteskunde inkestak 2020ko EAEko hauteskundeen emaitzak Carlos Iturgaiz albisteak