EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

Apirilak 5

EH Bildurekin eta PSErekin batera aldaketarako gobernua osatu nahi du Gorrotxategik

"EAJren ordezko gobernua" osatu nahi duela ziurtatu du Elkarrekin Podemos-IU koalizioaren lehendakarigaiak, eta aldaketarako gobernua osatzen ahaleginduko dela ziurtatu du.

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IU koalizioaren lehendakarigaia. Argazkia: EFE
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IU koalizioaren lehendakarigaia.
Gorrotxategik hauteskundeen ostean ezkerreko gobernua osatzeko borondatea erakutsi du

7:27

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Apirilaren 5ean izango diren Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hauteskundeen emaitzek ahalbidetzen badute, EH Bildurekin eta PSE-EErekin batera aldaketarako gobernua osatzen ahaleginduko dela esan du Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IU koalizioaren lehendakarigaiak ostiral honetan Bilbon.

Alderdi horretako lehendakarigai izateko primarioetan nagusitu ostean egin duen lehen agerraldia izan da. Emaitzen berri izan ostean, Lander Martinezek eta bere taldeak dimisioa eman zuten, zuzendaritzak "Rosa Martinezen aldeko apustua" egin baitzuen.

Koalizio moreko militanteek txalo artean eta "lor daiteke" oihukatuz hartu dute Gorrotxategi. Hedabideen aurrean hunkituta agertu da, eta berarentzat lehendakarigai izatea ohorea dela esan du.

Ildo horretatik, "EAJren ordezko gobernua" osatu nahi duela ziurtatu du. Bere esanetan, "EAJren hegemonia politikoa ez da alderdi horrek duen indarrean oinarritzen, baizik eta ezkerreko alderdien zatiketan; izan ere, hauteskunde guztietan ezkerreko boto-emaile gehiago daude eskuinekoak baino, azkenean eskuinak agintea lortzen duen arren".

Datozen hauteskundeei begira, "ezkerreko alderdien hiru emakume hautagai (EH Bilduko Maddalen Iriarte, PSE-EEko Idoia Mendia eta Gorrotxategi bera) eta eskuineko bi gizon (EAJko Iñigo Urkullu eta PPko Carlos Iturgaiz)" izango direla gogora ekarri du Elkarrekin Podemos-IU koalizioko lehendakarigaiak.

"Ezin dut ziurtatu lehen aldiz emakume feminista eta ezkertiarra den lehendakari bat izango dugunik, eta badakigu EH Bilduk eta PSE-EEk elkarrekin itunak sinatu ordez gehienetan jeltzaleen aldera begiratzen dutela, baina zailak diren erronkak ez dira lehenean lortzen".

Gorrotxategik nabarmendu duenez, Estatuan ere ez zen erraza alderdi-bitasunarekin amaitzea, baina itxaroten jakin genuen eta orain herritarren eskubideak berreskuratzeko aro berria hasi duen gobernu aurrerakoi bat dugu".

"Ezin dizuet bermatu Euskadin politika neoliberalen ziklo hau ixtea lortuko dugunik, pobrezia-poltsa handiak dituen herrialde oparoa baita, baina ahalegin guztia egingo dudala berma diezazueket", esan du Gorrotxategik.

Gorrotxategik ez du "euskal oasia" sinesten; "Euskadin sare klientelarrak ditugu, ustelkeria daukagu, Ertzaintza gutxiegi dago delitu ekonomikoak jazartzeko...".

"Ni ez naiz politikan sartu gauzak dauden bezala jarrai dezaten. Beste eredu bat behar dugu, eta hori guztia lortzeko modu bakarra indar aurrerakoien arteko akordioak eragozten dituzten motxilak alde batera uztea da. Errezeloak, mesfidantza eta aurreiritziak alde batera utzi behar dira, zubiak tenkatu behar dira".

Kanpainan laguntzeko Lander Martinezekin hitz egin ote duen galdetuta, ez du erantzun argia eman nahi izan, bere hautagaitzak "zubiak" izena duela soilik gogoraraziz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika EAJ-PNV Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Ameriketako Estatu Batuak Euskal Autonomia Erkidegoa EAEko hauteskundeak Hauteskundeak AEB Alderdi politikoak EH Bildu PSE-EE Hautagaiak Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako hauteskundeak Podemos Ahal Dugu Euskadi EiTB Focus Hauteskundeak Hauteskunde inkestak Euskal Autonomia Erkidegoko emaitzak Miren Gorrotxategi