EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Apirilak 5
EH Bilduren oinarriek zuzendaritzak proposatutako hautagaitzak berretsi dituzte
Gauzak horrela, Maddalen Iriarte koalizio abertzaleko zerrendaburu izango da Gipuzkoan, Jasone Agirre Bizkaian eta Mikel Otero Araban. Bihar aurkeztuko dituzte, Donostian.
Agentziak | Erredakzioa
EH Bilduren oinarriek botoen % 93ko babesarekin onartu dituzte koalizio abertzalearen zuzendaritzak apirilaren 5eko hauteskunde autonomikoetarako proposatutako hautagaitzak.
EH Bilduk ohar baten bidez jakitera eman duenez, asteazkenean eta ostegunean botoa eman duten 2.327 militanteetatik % 93k proposatutako zerrenda horiek babestu dituzte. Gauzak horrela, Maddalen Iriarte koalizio abertzaleko zerrendaburu izango da Gipuzkoan, Jasone Agirre Bizkaian eta Mikel Otero Araban.
EH Bilduko militanteek alderdi horren egoitzetan eta internet bidez eman ahal izan dute botoa bi egunez.
Gipuzkoan, oinarriek onartu duten zerrenda asteazkeneko lehen orduan erregistratu zuten lurraldeko Hauteskunde Batzordean, alegia, barne bozketa egin aurretik, eta, azkenean, ez dute aldaketarik egin behar izango, aurreikus zitekeen bezala.
EH Bilduk bihar aurkeztuko ditu hiru hiriburuetako hautagaiak, Donostian, Miramongo Teknologia Parkean egingo duen ekitaldian.