EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Koronabirusa
Urkullu eta alderdiak A5eko hauteskundeen inguruan erabakitzeko bilduko dira gaur
Oraingoz, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek euren iritzia aurreratu eta hauteskundeak atzeratzea eskatu dute.
Agentzia | Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakaria alderdiekin bilduko da astelehen honetan, Lehendakaritzan, apirilaren 5ean hauteskundeak egin edo atzeratzea erabakitzeko, koronabirusaren bilakaera ikusita. Oraingoz, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek euren iritzia eman eta hauteskundeak atzeratzea eskatu dute.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea erkidego guztietako buruzagiekin bildu da igande honetan. Hain zuzen ere, apirilaren 5erako aurreikusita dauden EAEko eta Galiziako hauteskundeak atzeratzearen alde azaldu zen Pedro Sanchez larunbatean, nahiz eta erabakia lehendakariaren eta Galiziako Gobernuko presidentearen esku utzi.
Eusko Jaurlaritzak onartu duenez, legalki eta juridikoki hauteskundeak atzeratzeko aukera aztertzen ari dira. Martxoaren 11n bilera egin zuen hauteskunde-batzordeak gaia aztertzeko, baina ez zuen erabakirik hartu. Juan Luis Ibarra hauteskunde-batzordeko presidentearen esanetan, ez dagokio batzorde horri hauteskundeak behin-behinean atzeratzeko erabakia hartzea, eta Estatuan "zuzenbideak hutsunea du" gai honen inguruan, gaineratu zuen.
Aste honetan bertan, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi duenez, apirilaren 5eko hauteskundeak atzeratzeko "osasun arrazoi argiak eta adostasun politiko eta instituzional zabala" egon behar dira.
Gainera, Juan Luis Ibarrak adierazi bezala, marko arauemaile horren barruan "hutsune esanguratsuak daude", Erkorekaren iritzian, baita erantzun juridiko "argi eta eztabaidaezinik ez dago", erantsi zuen.
EAJk oraingoz ez du bere jarrera ezagutzera eman, Iñigo Urkullu lehendakariak gainerako alderdiekin astelehenean izango duen bileraren zain baitago.
Alderdiek bertan behera utzi dituzte kanpainako ekitaldiak azken egunetan, eta batzuk apirilaren 5erako aurreikusitako hauteskundeak atzeratzearen alde azaldu dira; EH Bilduk, adibidez, hauteskundeak atzeratzea eskatu du, ez daudelako, bere ustez, bozkatzera joateko "baldintza egokiak". Hori dela eta, alderdien arteko akordioa eskatu du horiek atzeratu ahal izateko.
Era berean, Elkarrekin Podemos-IU koalizioak hauteskundeak atzeratzeko eskatu du koronabirusak eragindako alarma egoera gainditu arte, eta iragarri du Miren Gorrotxategi lehendakarigaia joango dela asteleheneko batzarrera.
Bestalde, PSE-EEk ez du bere jarrera azaldu nahi izan, asteleheneko bileran "erabakia guztion artean" hartu behar delako.
Euskadiko PP koalizioan aurkeztuko da Ciudadanosekin, eta adierazi du asteleheneko batzarrean egongo direla lehendakariaren planteamendua zein den entzuteko. Amaia Fernandez joango da batzarrera. "Osasun bermeak eta berme demokratikoak" izan behar direla babestuko dute bileran. "Argi dugu, pertsonek dute lehentasuna", gaineratu dute.