EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
PP+Ciudadanos
Iturgaiz: "EAJk egun erdiko kanpaina egin nahiko luke, eta Urkullurekin bakarrik"
Lehendakariak hauteskundeak deitu baditu, horretarako baldintzak badirela argudiatuta, kanpaina 15 egunekoa izan behar dela esan du Iturgaizek, "hori baitio legeak".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Carlos Iturgaiz PP+Ciudadanos koalizioko lehendakarigaiak 15 eguneko hauteskunde-kanpaina egitea babestu du, "herritarrek EAJren kudeaketa negargarriari buruzko eztabaida jarraitzeko aukera izan dezaten".
Agerraldi telematiko batean, koronabirusarekin hil diren pertsonak gogoan izan ditu eta gaixorik daudenei ahalik eta azkarren senda daitezela opa die.
PP+Ciudadanos koalizioan 15 eguneko kanpaina babesten dute, eta horren harira sortu den eztabaida ulertezintzat jo du; izan ere, uztailaren 12ko hauteskundeetarako deialdia gaur argitaratu dute Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean eta kanpaina 15 egunekoa izan behar dela aipatzen du. "Hori dio legeak eta hala egin behar da", erantsi du.
Iturgaizen iritzian, EAJk kanpaina murriztu nahi du, "herritarren aurrean bere kudeaketa lotsagarria ezkutatzeko eta eztabaidarik ez izateko".
"EAJgatik izango balitz, kanpaina ez litzateke 15 egunekoa izango, ezta zazpikoa edo hirukoa ere; egun erdiko kanpaina egin nahiko lukete, Urkullurekin bakarrik, eta gainerako hautagairik gabe", salatu du.
"Urkulluk jada ez du lehendakari gisa jarduten, hautagai moduan dabil, probintzia batetik bestera doa, ekitaldiak eta bakarrizketak egiten ditu… Bitartean, oposizioko hautagaiak konfinatuta gaude, ezin gara mugitu eta ezarritako ordutegietan soilik ateratzen gara, baina Urkulluk beste eskubide batzuk ditu", kritikatu du.
EAJ eta PSE gauza bera direla dio
Bestalde, Iturgaizek esan du EAJ eta PSE "gauza bera" direla eta hauteskundeetan batera aurkeztu beharko liratekeela, "dena sinplifikatzeko eta herritarrak gehiago ez nahasteko".
"Sanchez eta Urkullu kudeaketa negargarri bera egiten ari dira, eta bi alderdi horiek batuta herritarrak nahastea saihestuko lukete", gaineratu du.
Horrez gain, hauteskundeetara "gogotsu" aurkezten dela adierazi du. "Politika egiteko beste modu bat badagoela eta monopolio abertzalea amaitu dela erakutsi nahi dugu", azpimarratu du.
"Euskal herritarra izatea EAJkoa izatea baino gehiago da, badago beste aukera bat zentro-eskuinekoa, konstituzionalista, PPk eta Ciudadanosek osatzen duguna, eta hor denok dugu lekua", erantsi du.