EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

EH Bildu

Arnaldo Otegi: "Jaiki eta norabidez aldatzeko garaia da"

EH Bilduko koordinatzaileak arlo publikoa eta langileak babestuko dituen sistema indartu behar dela adierazi du. Estatu propio baten balioa ere aldarrikatu du, "erabakiak guk hartu ahal izateko".

Arnaldo Otegi gaur Tabakaleran. Argazkia: EFE
Arnaldo Otegi gaur Tabakaleran.
Arnaldo Otegi gaur Tabakaleran. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak uste du Euskal Herriak "bigarren eraldaketa" bat behar duela, belaunaldi berri batek "jaiki, norabidez aldatu eta aurrera" egin behar duela, 60. hamarkadan hainbatek egin zuten bezala, "agortzen ari den sistema eta eredu bat aldatzeko".

Donostiako Tabakaleran eman duen hitzaldian, "iraganak ez duela etorkizunik" esan du, "ordena alternatiboa" eraiki behar dela eta hori ezker subiranistak bakarrik egin dezakeela.

"Agortzen ari dela erakusten duen funtzionatzeko modu baten aurrean gaude. 60ko hamarkadan herri honek komunitatea sortu zuen. Antzeko bultzada bat behar dugu arlo ekonomikoan, nazionalean, kulturalean... Belaunaldi berrientzako erronka da. Herri hau XXI. mendeko beharrekin lotu behar da. Ez badugu guk egiten ez du inork egingo. Trenak eta erraustegiak egiten dituztenek ez dute egingo, horiek beste gauza batzuetara daude" adierazi du.

Ia ordu eta erdiko interbentzio batean, COVID-19aren pandemiak irakaspen ugari utzi dizkigula esan du EH Bilduko koordinatzaileak eta arlo publikoa indartzeko beharra azpimarratu du Otegik: "Irakaspen bat izan da sektore publikoa indartu behar dela? Irakaspen bat izan da hezkuntza publikoa eta osasungintza indartu behar direla? Has gaitzen".

"Estaturik ez badugu, beste batzuk hartzen dituzte guri dagozkigun erabakiak"

"Bada beste lezio bat ikasi duguna, Estaturik ez badugu, beste batzuk hartzen dituzte guri dagozkigun erabakiak" hausnartu du.

"Aldebikotasuna, kogobernantza eta autogobernua bezalako terminoen balioa agerian geratu da. Minutu batean konpetentzia guztiak kendu ahal dizkigute Madrilen. Orain konpetentziak berreskuratu ditugu, baina beraiek nahi duten arte" esan du Otegik.

"Herrialdea eta mundua ulertzeko bi eredu daudela irakatsi digu COVID-19ak. Bi proiektu egongo dira lehian, eta jendeak erabaki bat hartu beharko du. Jendeari segurtasuna ematea dagokio ezkerrari garai zail hauetan. Jendeak aukeratu beharko du orain hori nahi duen edo ez. Gure bizitza ezin daiteke egon merkatuen menpe. Eskubideak beti egon behar dira bermatuak" adierazi du eta ildo horretan, sektore publikoarekin batera langile klasea babestu behar dela nabarmendu du: "osasun krisi honetan, mundua funtzionarazten dutenak direla erakutsi duten pertsona ikusezin horiek".

"Belaunaldi bat egon zen herri honetan, 60ko hamarkadan, herria bizkarrean hartu eta hezkuntza eredu propioa eraiki zuena, diktadurari aurre egiten zion kultur eredua, kooperatibak, ehun produktiboa, komunitatea eta identitate nazionala eraiki zituena. Eta bultzada hori agortzen ari da dagoeneko, eta antzeko bultzada behar dugu, egungo beharretara egokituko dena" nabarmendu du.

tabakalera

Tabakalerako ekitaldia, goitik hartutako irudi batean. Argazkia: EH Bildu

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Politika Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa EAEko hauteskundeak Alderdi politikoak EH Bildu Hautagaiak Eguneko albisteak Albisteak EiTB Focus Hauteskundeak Hauteskunde inkestak Euskal Autonomia Erkidegoko emaitzak