Itxi

2020/06/07

13:49

Politika

Arrigorriaga

“Tren eta murrizketa gehiago” egiteko asmoa ote duen galdetu dio EH Bilduk Urkulluri

Agentzia | Erredakzioa

Inbertsio publiko "sendoak" eskatu ditu Maddalen Iriarte EH Bilduko lehendakarigaiak.

  • Maddalen Iriarte EH Bilduko lehendakarigaia. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.

    Maddalen Iriarte EH Bilduko lehendakarigaia. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Krisitik ateratzeko egitasmoa “murrizketa eta tren gehiago” egitea izango ote den galdetu dio Maddalen Iriarte EH Bilduko lehendakarigaiak Iñigo Urkullu lehendakariari. Iriartek, aldiz, inbertsio publiko “sendoak” aldarrikatu ditu.

Jasone Agirre Bizkaiko zerrendaburuarekin batera, ekitaldi politikoan parte hartu du Iriartek Arrigorriagan.

Iriarteren hitzetan, azken egunetan Iñigo Urkullu lehendakariak eta EAJko ordezkariek “krisiari irtenbidea nola” eman nahi dioten aurreratu dute. Jeltzaleek “ez dute ezer ulertu edo ez dute ezer ulertu nahi”, erantsi duenez.

“EH Bilduk elkarrizketa eskatu du, berehalako arazoei, eta datozen hilabeteetan zein urteetan izango ditugun arazoei erantzun bat emateko. Euren erantzuna isiltasuna izan da, ezberdin pentsatzen duenarekin adostu nahi ez dutelako. Denari baietz esaten dietenekin bakarrik adosten dute”, kritikatu du.

“Jendeari gertutik begiratuz eta arazoak ezagutuz politika” egitearen aldeko apustua egin du koalizioko lehendakarigaiak. “Erantzunkidetasuna” eskatu du Iriartek. 2008ko krisi ekonomikoa gogora ekarri du, haren ondorioak “oraindik ordaintzen ari garelako”.

“Esku artean dugunari zer nolako konponbidea emango dio Urkulluk? Murrizketa gehiago? Tren gehiago, Donostiako metroan zulo gehiago?”, galdetu du lehendakarigaiak. EH Bilduk “politika eta inbertsio publiko indartsuen” aldeko apustua egiten duela gaineratu du Iriartek.

Zentzu horretan, pandemiaren “lehen lerroan izan direnek baliabideak eta inbertsio publikoak behar dituzte”, ohartarazi du. “Osasun publiko sendo bat behar dugu, Europako batez bestekotik oso urrun gaudelako, eta berdina esan dezakegu hezkuntzari dagokionean”, erantsi duenez.

"Murrizketa gehiago, tren gehiago, eliteak babestu edo gizarteko kide guztiak babestu?"

“Murrizketa gehiago, tren gehiago, eliteak gehiago babestu edo gizarteko kide guztiak babestu? Hori da galdera, eta erantzuna uztailaren 12an eman behar dugu. Arratsaldeko 20:00etako txaloak politika publiko indartsuetan bihurtu behar dira, guztiek aukera berdinak izateko eta krisitik atera ahal izateko”, azpimarratu du.

Bestalde, lehendakariak langile publikoei “esfortzua eta elkartasuna” eskatu izana kritikatu du Jasone Agirrek, “erizainei, irakasleei, medikuei, suhiltzaileei, nahikoa esfortzu egin ez izan balute bezala”.

“Batzuei esfortzua eta elkartasuna eskatzen dien bitartean, Bizkaia Dorrean eta Getxo eta Sestao arteko tunelean 20 milioi xahutzea erabaki du. 20 milioi euro… zenbat gauza egin ahalko lirateke hezkuntzan eta osasunean 20 milioi euro horiekin?”, galdetu du.

Agirreren hitzetan, “pandemian zehar zaindu diguten” behargin publikoek “ez dute halakorik merezi” eta, horregatik, “Urkulluk ezin die orain murrizketekin mehatxu egin”.

“Aurreko krisian gauza bera egin zuen, murrizketak aplikatu, eta orain formula bera errepikatu nahi du. Orduan ez zuen ezer ikasi, eta orain ere ez, zerbitzu publiko indartsua behar dugunean”, esan du.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;