EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

Elkarrekin Podemos-EB

Miren Gorrotxategik ezkerreko aliantza bat eskatu du

Elkarrekin Podemos-EBk BPGaren % 7 osasunean inbertitzea, zerga erreforma handia eta industria iraunkorraren aldeko hitzarmen bat proposatu ditu uztailaren 12ko boetarako programan.  

"Gobernatzeko prest" izango da koalizioaren leloa. Argazkia: Efe.
Elkarrekin Podemos-EB
"Gobernatzeko prest" izango da koalizioaren leloa. Argazkia: Efe.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-EBren lehendakarigaiaren ustez, “ez dago denbora galtzerik” eta ezkerreko indarrak deitu ditu “berehala itun bat adostera, krisi honetatik 2008ko akatsak errepikatuta aterako ez garela segurtatze aldera”. Halaber, koalizioa “gobernatzeko prest” dagoela adierazi du eta une egokia dela “’ahal dugu’ leloa Euskadira ekartzeko”.  

Koalizioak uztailaren 12an Araba, Bizkai eta Gipuzkoan egingo diren hauteskundeetarako programa, kartela eta leloa aurkeztu ditu prentsaurreko telematiko batean, Miren Gorrotxategi lehendakarigaiak alboan Isabel Salud Ezker Anitza-EBko koordinatzaile nagusia eta Jon Hernandez eta David Soto legebiltzarkidegaiak zituela.

Elkarrekin Podemos-EBk “Podemos gobernar. Gobernatzeko prest” leloa aurkeztuko du hauteskunde autonomikoetan.

Horren aldetik, Gorrotxategik kritikatu du azken urteetan “agerian” gelditu direla “Urkulluren Jaurlaritzak egiteko dituen lanak eta argitara atera dira kudeaketa arazoak”, tartean Zaldibarko zabortegia behera etorri izana edo eskoletako jantokien “eskandalua”, eta “argi eta garbi ikusi da EAJren inguruko pertsonei laguntzen dieten sareak daudela, hala nola De Miguel auzia, Osakidetzaren lan eskaintza publiko dopatuak eta ustez Montai auzi berrian ere”.

Programa

Koalizioaren programaren ikurra “hari berdea” da, eta “gaur bertan” abian jar daitezkeen neurri zehatzak biltzen ditu, Isabel Saludek aletu dituenak: “Industria iraunkorrerako, trantsizio energetikorako eta ekonomia zirkularrerako hitzarmen zabala”, garraio publiko “eraginkor eta kalitatezkoa” eta energia enpresa publiko bat. Gainera, zientzia arloko inbertsioa EAEko BPGaren % 3ra handitzeko asmoa du.  

Zerga arloan, Elkarrekin Podemos-EBk “erreforma handia” proposatzen du, kapitalaren errentek ordaintzen dutena laneko errentek ordaintzen dutenarekin parekatuko duena, Jon Hernandezek azaldu duenez, gaur egun “kapitalaren irabaziek eta enpresak zinez gutxi” ordaintzen baitute, langileek “nominetan ordaintzen dute piloarekin” alderatuta.

Koalizioak banku publiko bat sortzea ere proposatzen du, sektore estrategikoetan inbertitzeko, baita enplegu publikorako plan bat eta, David Sotoren hitzetan, zaintza “Legebiltzarreko egunerokoaren erdigunean” jarriko duten neurriak.

Testuinguru horretan, osasun publikoaren aurrekontua “blindatu” nahi dute, BGParen % 7 ere inbertituta, baita egoitzak EAEko sistema soziosanitarioan barneratu ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Bizkaiko albisteak Gaurko albisteak Gipuzkoa Araba Eusko Legebiltzarra EAE Hauteskundeak Euskadin 2024 Alderdi politikoak berriak Zenbat hautagai daude hauteskundeetan? Albisteak Gaur Albisteak Euskadiko Podemos-eko albisteak EiTB Focus albisteak Hauteskundeak Hauteskunde inkestak EAEko hauteskundeak emaitzak minutuz minutu Miren Gorrotxategi albisteak