EAEko hauteskundeak 2020: EAEko hauteskundeak, uztailaren 12an | EITB Hauteskunde autonomikoak

EAE-ko Hauteskundeak 2020

17:40

EAE-ko Hauteskundeak 2020

Hauteskunde-kanpaina

Krisia euskal ekonomia eraldatzeko baliatzea proposatu du PSE-EEk

Agentziak | Erredakzioa

EAJk zientzia eta teknologia izan ditu hizpide; EH Bilduk, pentsioak; Elkarrekin Podemos-IUk, ustelkeria; PP+Cs koalizioak, okupazioa; eta Equo Berdeakek, Frantziako hauteskundeak.

  • PSE-EEk Errenterian egin du ekitaldia, astelehen honetan

    PSE-EEk Errenterian egin du ekitaldia, astelehen honetan. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Uztailaren 12ko hauteskundeen kanpainako laugarren egunean, alderdiek zenbait ekitaldi politiko egin dituzte, astelehen honetan. Hala, EAJk esan du zientziako eta teknologiako inbertsioak handituko dituela, krisiari erantzuteko; EH Bilduk 1.080 euroko pentsio duinak bermatzeko konpromisoa hartu du; Elkarrekin Podemos-IUk aurreratu du EAEn Ustelkeriaren aurkako Fiskaltza eta Gardentasun Legea bultzatuko dituela; PP+Cs koalizioak nabarmendu du EAJk "legez kanpoko okupazioa" toleratu egiten duela, eta lege bat proposatu du; PSE-EEk proposatu du krisia baliatzea euskal ekonomia eraldatzeko eta eskubideak dituzten enpleguak sortzeko; eta Equo Berdeakek esan du "Frantziako hauteskundeetako olatu berdea" Euskadira ekarriko duela.

Urkulluk zientziako eta teknologiako inbertsioak handituko ditu, krisiari erantzuteko

Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiak ziurtatu duenez, Euskadik koronabirusak eragindako krisiari eman behar dion "erantzunak" zientziarako, ikerkuntzarako eta ezarritako teknologiarako inbertsioak handitzea izan behar du. Abandon egindako hauteskunde-ekitaldian, Ezkerraldea-Meatzaldea teknologia-zentroan, EAJk zientzia- eta teknologia-arloan dituen proposamenak zehaztu eta azaldu ditu.

BIDEOA | EAJk berrikuntzaren aldeko apustua egin du Ezkerraldea-Meatzaldeko Parke Teknologikoan

"Gure oraineko eta etorkizuneko giltza berrikuntza da. EAJk osasun- eta ekonomia-krisiaren aurrean duen erantzunaren ardatz nagusia da", nabarmendu du Urkulluk. Pozik, azaldu du zuzendu duen Eusko Jaurlaritzak konpromisoa bete duela, alegia, urtero % 5 handitu dituela inbertsioak zientzian eta ikerkuntzan: "Orain, aurrerago joango gara: inbertsioak % 6 handituko ditugu. Beteko dugu. Krisiaren aurrean, gure erantzuna berrikuntza da; izan ere, Euskadi berritzailea izango da ala ez da Euskadirik izango".

Arratsaldean, Iñigo Urkulluk eskatu die herritarrei hauteskundeetan "parte-hartze handia" egon dadila; izan ere, esan duenez, "bozkatzera joatea inoiz baino garrantzitsuagoa da", COVID-19ak eragindako krisiari erantzun sendoa eman ahal izateko.

Oionen egindako mitin batean, Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezekin eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuarekin batera, Urkulluk esan du uztailaren 12an bozkatzea "Euskadiren orainarekin eta etorkizunarekin lehen konpromisoa" dela.

BIDEOA | Urkulluk funtsezkoa ikusten du Jaurlaritza sendoa izatea, erronka guztiei erantzuteko

Haren iritziz, koronabirusaren pandemiak eragindako krisitik irteteak "lidergo sendo eta trebatua" eskatzen du, eta honakoa erantsi du: "Noren esku utziko dugu bolantea? Euskadik erantzun argia behar du: EAJ, konfiantza, segurtasuna eta fidagarritasuna". Nolanahi ere, nabarmendu du "ezinbestekoa" dela hurrengo Jaurlaritzak "gehiengo sendoa" izatea, "aurrean dauden erronkei erantzuteko".

EH Bilduk konpromisoa hartu du 1.080 euroko pentsio duinak bermatzeko

EH Bilduko Gipuzkoako hautagai Nerea Kortajarenak 1.080 euroko pentsio duinak bermatzeko konpromisoa hartu du. Lazkaon egindako hauteskunde-ekitaldi batean, Kortajarenak adierazi du "bizitza duina" bermatu behar zaiela euskal pentsiodunei, eta, ildo horretan, esan du bermatu nahi dituztela "1.080 euroko gutxieneko pentsioak, milaka euskal pentsiodunek jasotzen dituzten miseriako pentsioei amaiera emateko, eta, halaber, galdegiteko, etengabe, Gizarte Segurantzaren kudeaketako transferentzia. Hala, euskal pentsio-sistema publikoa sortuko genuke".

BIDEOA | EH Bilduk dio pentsioak duinak izateko gutxienez 1.080 eurora iritsi behar direla

Gipuzkoako zerrendako bigarrenaren iritziz, pentsiodunen kezkak "erabat justifikatuta" daude; izan ere, "gure herrialdeak, duen boterea ikusita, kontu hau konpontzen jakin behar du, gizarte-duintasun eta justiziagatik". "Euskal pentsiodunek merezi dituzte pentsio duinak, ez miseriako pentsioak", adierazi du Kortajarenak. Horrekin lotuta esan duenez, "Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 15.000 pentsiodunek, pentsioaz gain, diru-sarrerak bermatzeko errenta behar dute; hartzaileen % 25 dira, bi heren emakumeak; gainera, legeak ezarrita duenarekin alderatuta, 300 euro gutxiago jasotzen dute, Urkulluk eta Mendiak pentsioen osagarria murriztu baitiete".

Gerora, arratsaldean, Maddalen Iriarte EH Bilduko lehendakarigaiak,  Arrasaten, "erabakitzeko eskubiderako oztopoa" izatea leporatu dio Iñigo Urkulluri; izan ere, "Ibarretxe Plana alfonbraren azpian du ezkutaturik", eta nahiago izan du "bidea PSE-EErekin batera ibiltzea".

BIDEOA | Maddalen Iriartek hautetsontziak boto subiranistez betetzeko deia egin du

Iriartek azpimarratu du beharrezkoa dela boto subiranista EH Bildun biltzea, Urkulluk argi utzi baitu "hitzik ez duela"; izan ere, bederatzi urte daramatza estatus berriaren gaineko kontsulta agintzen, eta hori ez da oraindik egin.

Elkarrekin Podemos-IUk Ustelkeriaren aurkako Fiskaltza eta Gardentasun Legea bultzatuko ditu

Elkarrekin Podemos-IUko lehendakarigai Miren Gorrotxategik adierazi du EAEn Ustelkeriaren aurkako Fiskaltza sortzea bultzatuko duela, bai eta "handinahi handiko" Gardentasun, Hiri Parte Hartze eta Gobernu Oneko Legea ere. Halaber, Elkarrekin Podemos-IUk "lobbyen, klientelismo-sareen eta ate birakarien aurkako plan espezifiko bat" bultzatuko du. Hala esan du Gorrotxategik Gasteizen, ekitaldi batean, Enrique Santiago Unidas Podemoseko Kongresuko diputatua ondoan zuela.

BIDEOA | Gorrotxategi: "Euskadi ez da ustelkeriarik gabeko oasi bat"

Koalizioaren hautagaiak salatu duenez, demokrazian "alderdi jakin baten agiria izateak ez luke zertan abantaila izan lanpostu publiko bat lortzeko", eta erantsi du inork ez lukeela baliatu beharko kargu horietako bat izatea "bere burua aberasteko". Horren harira, gogora ekarri du azken legegintzaldian ustelkeriako "bi kasu lotsagarri" izan direla: De Miguel auzia eta Osakidetzako oposizioetan izandako filtrazioak. Gorrotxategik EAJrekin lotu ditu biak, eta alderdi hori "erakundeetatik aldentzen duen lerroa lausoegia" dela adierazi du.

Arratsaldean, Gasteizen, Elkarrekin Podemos-IUk salatu duenez, Euskadin babes soziala "ahulduta" dago, eta botoa eskatu du "beste modu batean gobernatzeko, gehiengo sozialetarako politika publiko eraginkorrekin".

BIDEOA | Krisia geldiarazteko Podemosek hartutako neurri sozialak goraipatu ditu Garridok

Halaber, koalizioak ohartarazi duenez, EAJren Eusko Jaurlaritzaren aukera da "prekarietate gehiago, segurtasunik eza handiagoa, laztasun handiagoa"; Elkarrekin Podemos-IUk, aldiz, "ilusioa sortzen duen proiektua proposatzen du, herritar guztiei segurtasuna eta ongizatea eskainiz".

Iturgaizen esanetan, EAJk "legez kanpoko okupazioa" toleratu egiten du, eta lege bat proposatu du

PP+Cs koalizioko lehendakarigai Carlos Iturgaizek etxebizitzen legez kanpoko okupazioaren aurkako lege bat proposatu du; lege horrek espetxe-zigorrak aurreikusiko lituzke. Halaber, arazo honen aurrean "tolerantzia" duela aurpegiratu dio EAJri. Bilbon egindako ekitaldi batean esan du hori Iturgaizek, Badalonako alkate Xavier Garcia Albiol ondoan zuela; Garcia Albiolek "irtenarazte arineko legea" onartzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, eta esan du PSOEk eta Unidas Podemosek legez kanpoko okupazioaren aurrean duten legea "erabat desegokia" dela.

BIDEOA | Okupazio ilegalaren eztabaida argitu nahi du PP+Cs koalizioak

Lehendakarigaiak esan du legegintzaldi berrian "okupen aurkako legea" proposatuko duela; horri esker, etxea 24 ordutan hustu ahalko da, eta etxebizitza pribatuak legez kanpo okupatzen dutenentzako 1-3 urteko kartzela-zigorrak aurreikusiko lirateke. Errekalde auzoko plazan Ciudadanoseko Luis Gordillorekin eta PPko Raquel Gonzalezekin batera (bera burua den zerrendako bigarrena eta hirugarrena dira, hurrenez hurren) egindako ekitaldian, Iturgaizek nabarmendu duenez, EAJk "okupentzako lurralde amestu bilakatu du Euskadi". "EAJren onargarritasunaren ondorioz, dei-efektua zabaldu da haien artean", gaineratu du.

BIDEOA | EAJk okupak lehenesten dituela salatu du Iturgaizek

Esan duenez, PSOEren eta Unidas Podemosen politikek, alegia, Pedro Sanchezen eta Pablo Iglesiasen politikek, "okupak biktima bilakatzen dituzte"; haren esanetan, EAJko horien bazkideek ez dute ezer egiten benetako biktimen alde, alegia, okupatutako etxebizitzetako jabeen eta apartamentuen alde.

Krisia euskal ekonomia eraldatzeko eta eskubideak dituzten enpleguak sortzeko baliatzea proposatu du PSE-EEk

COVID-19ak eragindako krisia aukera gisa baliatzeko eskatu du PSE-EEko idazkari nagusi eta lehendakarigai Idoia Mendiak, "ekoizpen-egituran eta enpleguan aldaketa sakonei heltzeko". "Euskal sozialistok ez dugu soilik krisia kudeatu nahi; baliatu egin nahi dugu gure ekonomia eraldatzeko eta, horrez gain, eskubideak dituzten enpleguak sortzeko", adierazi du, Gasteizen, Mercedesen fabrikaren ondoan egindako ekitaldi politiko batean. Gloria Sanchez Arabako zerrendaburua ere bertan izan da.

BIDEOA | Automozioak euskal ekonomian garrantzia azpimarratu du Gasteizen Idoia Mendiak

Mendiak automobilgintzaren garrantzia nabarmendu du. Gogora ekarri duenez, "EAEko 60.000 langilek horren beharra dute". Gaitzetsi duenez, batzuk ahalegintzen dira "gure automobil-industria eta klima-aldaketa aurrez aurre jartzen. Horiek beldurretan zirikatzen ibiltzen dira, botoak eskuratzeko", adierazi du. "Automobil-industrian egotea eta mugikortasunaren trantsizio ekologikora eramatea" da Mendiaren apustua. "PSE-EEk hauxe dio: aldaketa ezin da saihestu, baina erakundeetatik lagundu nahi dugu", argitu du.

Arratsaldean, Errenterian, Idoia Mendiak "bazterketarik gabeko akordioen alde" egin du, eta adierazi du hauteskundeak "aukera" direla Euskadin erreformak bizkortzeko. PSE-EEko lehendakarigaiak Errenteriako militante sozialistak goraipatu ditu: "Jazarpena pairatu zuten, erasotzen zieten, eta intoleranteek bota egin nahi izan zituzten. Baina eutsi zioten, eta eskubideen eta askatasunen alde borrokatu zuten. Ausarta eta erabilgarria den ezkerra gara", azpimarratu du.

BIDEOA | Jaurlaritzan ezkerreko politikak txertatzeko berme bakarra PSE-EE dela dio Idoia Mendiak

Equo Berdeakek dio "Frantziako hauteskundeetako olatu berdea" Euskadira ekarriko duela

Equo Berdeakeko lehendakarigai Joserra Becerrak esan du "Frantziako olatu berdea" Euskadira ekarriko dutela; izan ere, Berdeek, Frantzian, hainbat hiri handitako alkatetza lortu dute (Marseillakoa, Bordelekoa, Lyongoa edo Estrasburgokoa, besteak beste). "2030rako, erraustegi eta zabortegi guztiak itxita egon beharko lirateke", gaineratu du.

BIDEOA | Erraustegi eta zabortegi guztiak hamar urtean ixtea proposatu du Equo Berdeak alderdiak

Eibarren egindako hauteskunde-ekitaldi batean Becerrak azpimarratu duenez, "Alemanian posible izan zen, Frantzian posible izan da, eta Euskadin ere posible da. Behar dugu Equo Berdeak Legebiltzarrean egotea, herrialde-akordioa lortzeko, Hondakin eta Ekonomia Zirkularreko euskal Legea burutze aldera. Hondakinen aberastasuna baliatu ahalko genuke horrela, eta birziklapenarekin eta hondakinak berrerabiltzearekin lotutako 3.000 lanpostu sor litezke", ziurtatu du.

Beste batzuk: Euskal gizartearen iratzargailua izan nahi du Euskadiren Aldeko Libreak alderdiak

Euskadiren Aldeko Libreak alderdiak euskal gizartearen iratzargailua izan nahi du. Hurbileko politika eta hiritarren ongizatea defendatzen ditu, ideologiak alde batera utzita.

Iruzkinak

    • BILATZAILEA

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena