EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

Elkarrizketa

Mintegi: 'Denekin egin nahi ditut akordioak'

EH Bilduren lehendakarigaiarentzat "beharrezkoa da akordioak lortzea" egungoa bezalako "momentu larrietan".

Laura Mintegi EH Bilduren lehendakarigaia. Argazkia: EITB
Laura Mintegi EH Bilduren lehendakarigaia.
"Akordioak denekin egin nahi" ditu Laura Mintegik (EH Bildu)

02:17

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Laura Mintegi EH Bilduren lehendakarigaiak esan du "denekin" lotu nahi dituela akordioak, "momentu larrietan beharrezkoa baita formula partekatuak bilatzea".

Mintegik Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, "politika pertsonetan zentratu nahi dut, zarataren politika pertsonen politikara eraman nahi dut".

Horren harira, "politikari batzuek besteez zer pentsatzen duten alde batera uztea" eta "hipotekez, langabeziaz, pertsonez hitz egitea" aldarrikatu du.

Agirre lehendakaria

EH Bilduren hautagaiak Jose Antonio Agirre lehendakariaren Jaurlaritzaren pare jarri izanak sortutako polemikari dagokionez, "historia sigla batzuen mende ez jartzeko" deia egin dio EAJri, "Agirre pertsonaia historiko oso garrantzitsua" delako.

Mintegiren esanetan, lehenengo lehendakariak "oso gauza garrantzitsua egin zuen, larrialdi egoera bati erantzun komuna ematea". Hori dela eta, egungo egoeran, Agirreren adibidea "oso erreferentzia garrantzitsua" iruditzen zaio, "siglen gainetik".

Independentzia

Krisiaren irtenbidea ala independentzia, lehenago zer bilatu behar duen galdetuta, EH Bilduren hautagaiak erantzun du independentzia "krisiaren irtenbidearen parte" dela eta hori dela haien "azken helburua".

Gainera, erreferenduma independentziaz galdetzeko modu egokia dela uste du, izan ere, "hala erakutsi dute Eskozian eta Quebecen".

Presoak

Presoei dagokienez, Mintegik uste du ETAk eta euskal gizarteak emandako "pausoen" ondoren, Espainiako Gobernuak "bere borondatearen kontra eta prebarikatzen" eman dituela pausoak, zeren "Barne ministroak argi esan zuen Uribetxebarria ez askatzea prebarikatzea litzatekeela, beraz, prebarikatzen ari dira gaixotasun larriak dituzten beste 13 presorekin".

Edukiontziak erretzea Getxon

Bestalde, EH Bilduren lehendakarigaiak ez du argi nork erre zituen edukiontziak Getxon iragan astean, eta duela urte batzuk PPko zinegotzi baten emaztea edukiontziak erretzen harrapatu zutela gogorarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea