Albisteak -

Europako hauteskundeak

Lurrikara politikoa Frantzian, Erresuma Batuan eta Grezian

Alderdi euroeszeptikoek gorakada nabarmena izan dute, eskuin muturrekoek zein ezkerrekoek.

Marine Le Pen Fronte Nazionaleko burua, boto aurreikuspenak ezagutu eta gero egindako agerraldian
Marine Le Pen Fronte Nazionaleko burua, boto aurreikuspenak ezagutu eta gero egindako agerraldian
Marine Le Pen Fronte Nazionaleko burua, boto aurreikuspenak ezagutu eta gero egindako agerraldian

David Perez | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Boto-emaileek Europar Batasunaren egungo norabidea zigortzeko botoa eman dute Europako Parlamenturako hauteskundeetan. Bi datu desengainu hori ondorioztatzeko: abstentzioa, gora egin ez badu ere, gainerako hauteskundeetakoa baino askoz handiagoa dela, eta eskuin muturreko zein ezkerreko alderdi euroeszeptikoek hazkunde nabarmena izan dutela.

Kasu argienak Frantzia, Grezia eta Erresuma Batua izan dira, Europaren aurkakoek irabazi dutelako. Espainia ere aipatzekoa da. Izan ere, alderdi-bitasuna hautsi egin da (PPren eta PSOEren artean ez dituzte botoen erdiak lortu), eta Ahal Dugu (Podemos) laugarren geratu da, Europako Parlamentuan bost diputatu lortuta.

Euroganberak berak egindako inkesten arabera, Europako PPk irabazi ditu hauteskundeak 751 eserlekuetako 212 irabazita. Dena dela, 62 galdu ditu, azken hauteskundeetako emaitzekin alderatuta. Sozialistak bigarren izan dira, 185 eserlekurekin; aurrekoetan baino 11 gutxiago.

Hirugarren postuan ALDE taldeko liberalak daude (71 eserleku), eta ondoren berdeak (55), ezkerra (45), kontserbadoreak (40) eta euroeszeptikoak (36).

Europar Batasunean, parte-hartzea % 43,11koa izan da, duela bost urtekoa baino hamarren bat handiagoa.

Frantzia: Le Penek "lurrikara" sortu du

Behin-behineko emaitzen arabera, Marine Le Penen Fronte Nazional (FN) xenofoboa izan da Frantzian alderdi bozkatuena, botoen % 25 lortu baititu.

Bigarren lekuan UMP kontserbadorea geratu da, botoen % 20 inguru eskuratuta, eta Alderdi Sozialista (Frantziako Gobernua zuzentzen ari den alderdia) amildu egin da, hirugarren geratu baita, botoen % 14 lortuta.

2009. urteko hauteskundeetan, Fronte Nazionalak botoen % 6,3 eta hiru diputatu eskuratu zituen; orain 23 eta 25 artean izango ditu (guztira 74 daude jokoan herrialdean).

Manuel Valls lehen ministroaren esanetan, Le Penen garaipena "lurrikara" da, eta Europako erakundeek "azkar" erantzun beharko dutela ohartarazi du.

Alexis Tsipras Syriza

Alexis Tsipras. EFE

Grezia: Troikaren aurkako garaipena

Grezian, Barne Ministerioak denbora errealean emandako datuak erabiliz Singular Logic enpresak egindako aurreikuspenen arabera, Syrizak botoen % 26,7 lortu ditu.

Hori horrela, Alexis Tsipras Europako Batzorderako presidentegaiaren koalizioak agintean dagoen Demokrazia Berria alderdia (zentro-eskuina) menperatu du, horrek botoen % 22,8 eskuratu baititu.

Hirugarren indarra Urrezko Egunsentia alderdi neonazia da (% 9,3), eta Alderdi Komunista da laugarren (% 6).

Beste herrialdeak

Indar euroeszeptikoek hainbat herrialdetan egin dute aurrera. Erresuma Batuan, behin-behineko datuen arabera, UKIP (herrialdea Europar Batasunetik ateratzea proposatzen du) izan da bozkatuena, kontserbadoreen eta laboristen aurretik.

Danimarkan, Europar Batasunaren aurkako Alderdi Popular ultraeskuindarrak irabazi du, botoen % 23,1 lortuta. Dena dela, Helle Thorning-Schmidt lehen ministroaren alderdi  sozialdemokratak beste eserleku eskuratu ditu, hiru.

Austrian, FPO euroeszeptikoak botoen  % 20 jaso ditu (2009an, % 13,1), eta eskuin muturrak bi eurodiputatu ditu.

Italian, Mateo Renzi lehen ministroaren Alderdi Demokratak irabazi du, baina Bost Izar Mugimendu ezkertiarra bigarren izan da. Ipar Liga ultraeskuindarrak botoen % 6 ditu.

Alemanian, eurogunetik ateratzea defendatzen duen Alternatiba alderdiak botoen % 7 izan ditu, eta NPD naziak eserleku bat eskuratu du. Angela Merkel kantzilerraren alderdia izan da irabazle, botoen % 36rekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Batasun europarra Zer ari da gertatzen Europan? Europako hauteskundeak Erresuma Batua argazkiak Frantzia berriak Greziako albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Ultraeskuineko alderdi politikoak