Albisteak -
Elkarrizketa
Alonsok ez du 'alderdi-bitasunaren heriotza' ikusi, 'abisua' baizik
Kongresuko PPren bozeramailearen ustez, Europar Batasunak hazkundera bideratu behar ditu neurriak, "herstura handiko garaia" igaro eta gero.
Erredakzioa
Alfonso Alonso Diputatuen Kongresuan PPk duen bozeramailearen ustez, Europako hauteskundeetan 2,6 milioi boto galdu izana "abisua" da, eta "erreakzionatu beharra dago".
"Gure zigorra PPren boto-emaileak etxean geratu direlako izan da, baina ez diote botoa beste alderdi bati eman", adierazi du Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, eta PSOEren kasuan botoak beste alderdi batzuetara joan direla gaineratu du.
Alonsoren esanetan, PPk "oso neurri zailak" hartu behar izan ditu, eta hori gogo txarrez hartu dute herritarrek, baina "gertatutakoaren inguruko iruzkinez harago, gure proiektua indartzea da gure egitekoa".
Ohiko alderdiez gain Europako hauteskundeetan bestelako alderdi batzuk sortu direla eta, Alonsok esan du "arriskutsua" dela datuak hauteskunde orokorrekin alderatzea, EBrako hauteskundeak "aukera bat baitira bestelakoetan tokirik ez dutenentzat".
"Ez dut uste emaitza horiekin alderdi-bitasunaren heriotza iritsi denik", azpimarratu du.
Europa hazkundera bidean
Diputatuen Kongresuan PPk duen bozeramailearen arabera, "herstura handiko garaia" izan da, eta herritarrentzat "gehiegizkoa izan da eta hauteslekuetan zigortu gaituzte". Hori dela eta, "abisu" horren aurrean, "Europako politikak hazkundera bideratzeko" eskatu du, "Banku Zentralaren jarreraren kontra".
Rubalcaba
Bestalde, Alonsok errespetua agertu dio Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren idazkari nagusiari, kargua utzi eta batzarra deitu duelako, eta erabakiarekin "asmatzea" opa dio.