Hauteskunde Orokorrak -

KANPAINAKO 14. EGUNA

Botoa 'alferrik ez galtzeko' deia egin du PPk

Elkarrekin Ahal Duguk aldaketaren premia nabarmendu du, EAJk harreman politiko berria aldarrikatu du eta EH Bilduk PP Gobernutik kanporatzeko botoa eskatu du. PSE-EEk ere, aldaketaren botoa nahi du.

Aurrera edo atzera egitea dago jokoan PPren ustez

0:29

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elkarrekin Ahal Dugu

"Aldaketak ez dio inori beldurrik eman behar, duela urtebete hasi zelako udaletan, eta ez delako ezer txarrik gertatu. Are gehiago, Madrilen, esaterako, 1.000 milioi euro jaitsi dute Udalak zuen zorra". Juantxo Lopez de Uraldek Kongresurako Elkarrekin Ahal Dugu koalizioaren Arabako hautagaiak egin ditu adierazpen horiek, Gasteizen. Estatuan dituzten zinegotziekin bildu dira hautagaiak, eta haien esperientziak ezagutu dituzte.

Arabako zerrendaburuaren arabera, azpiegituren ordez gastu sozialari eman diote lehentasuna. Ingurugiro alorrean ere, bide jasangarriagoak bultzatuz, hirietatik mugitzeko modua aldatu dutela nabarmendu du.

Iñigo Errejon Kongresurako Elkarrekin Ahal Duguren Madrileko zerrendaburuak esan du ?ezohiko larritasuna? duela Jorge Fernandez Diaz ministroa nahasita dagoen kasua.

?Instituzioak gustuko ez zituen alderdiei jazarpena egiteko erabiltzen zituela jakin berri dugu. Instituzioak suntsitzen aritu dira, gobernatzen duen alderdiaren txosna bilakatzeko?, azaldu du. Hori dela eta, ?mafiari jendeak irabazi behar dizkio hauteskundeak; bi aukera baino ez  daude: hauteskundeak gure herriak irabaztea edo mafiak irabaztea?, azpimarratu du.

Bilbon egindako ekitaldi politikoan, Ferndandez Diazek dimisioa eman ez izana kritikatu du Errejonek, ?baina lau egun barru herritarrek kanporatuko dute?, nabarmendu du. ?Herri duin batean dimisioa emango zuen, baina hainbeste konspirazio, irain eta mehatxuren ostean, ohore bat izango da herritarrek kanporako bidea nola erakutsiko dioten ikustea?, erantsi du.

EAJ

EAJk "proiektu bat eta bakarra" du Euskadirako edo Madrilerako, Joseba Agirretxea Kongresurako EAJren Gipuzkoako zerrendaburuak nabarmendu duenez. Batean eta bestean proiektu bera defendatzen dutela esan die herritarrei Agirretxeak, Zarautzen EAJk egin duen ekitaldi politikoan.

Joseba Egibar Gipuzkoa Buru Batzarreko presidenteak "Madrilera erlazio politiko berri baten bila" doazela azpimarratu du. "Negoziatu eta adostasunera iristeko borondatez" joango direla esan du Egibarrek, "agortuta dagoen sistema batean Euskadik aurrera egin dezan".

Horrez gain, "euskal errealitate politikoa" onar dezatela eskatu die Egibarrek Espainiako alderdi nagusiei.

Andoni Ortuzarrek esan du EAJ dela ?alternatiba zentzuduna?  eskuinaren ?estremismoaren? eta ezkerraren ?erradikalismoaren? aurrean, eta, ildo horretan, Alderdi Popularrak eta Elkarrekin Ahal Duguk helburu bera dutela adierazi du: ?dena Madrilen zentralizatzea?.

Laudion egin du EAJk arratsaldeko ekitaldia. Ortuzarrekin batera, Iñigo Urkullu lehendakaria, Mikel Legarada Kongresurako zerrendaburua eta Almudena Otaola Senaturako hautagaia izan dira.

EAJren presidenteak PPren ?zinismoa? salatu du, ?lau urtetan dena aurretik eraman ostean, lehendakariari entzungor egin ostean eta euskal autogobernuari eraso egin ostean, bere burua egonkortasunaren eta moderazioaren gidaritzat aurkezten baitu?.

?Rajoy, Alonso eta Maroto ez dira konponbidea, arazoa dira?, azpimarratu du Ortuzarrek.

EH Bildu

Marian Beitialarrangoitia Kongresurako EH Bilduren Gipuzkoako hautagaiak esan duenez, PPk eta Jorge Fernandez Diaz jardunean dagoen Barne ministroak irudikatzen dute azken hamarkadotan Euskal Herriaren ahotsa isilarazi nahi dutenen politika. "EH Bilduren ahotsa ere bai, askotan saiatu dira horretan", esan du Beitialarrangoitiak, Donostian ezker abertzaleko koalizioak egin duen ekitaldian.

"Politika hori ez dugula onartzen esango dugu argi eta garbi igandean, Euskal Herritik. PPren edota Fernandez Diaz bezalako pertsonaien politikek ezin dute eguneroko erabakien protagonista izan", gaineratu du.

Indarkeria mota ezberdinetako biktimekin egindako topaketan, EH Bilduk dei egin die herritarrei ekainaren 26an botoen bidez PP etxera bidaltzeko. Euskal Herriak Madrilen ahots propioa izatearen garrantzia azpimarratu dute.

Mikel Otero Kongresurako EH Bilduren Arabako zerrendaburuak kritikatu du politikari askok ?dena balio? duela pentsatzen dutela, eta horren erakusgarri jarri ditu Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak Kataluniako buruzagi independentisten aurka abiarazitako ustezko konspirazioa, PPko Alfonso Alonso eta Javier Marotori irregulartasunak egiteagatik jarritako zigorra eta EAJko hogei bat kide ohiri eragiten dien ?De Miguel auzia?.

?Jendean nazkatuta dago horrenbeste engainuz eta hamarkadatan egindako lanari esker lortutako guztia lapurtzen dietelako?, nabarmendu du Gasteizen egindako ekitaldi batean, kasu horiei aipu eginez.

?Euskal Herrian ere gehiegi dira politikan denak balio duela pentsatzen duten pertsonak; inpunitatea dutela uste dute eta aurrean topatzen duten guztia beretzat hartzen dute?, salatu du Oterok, Alonso eta Maroto Gasteizko Udalean egindako irregulartasunengatik zigortu dituztela gogora ekarrita.

PSE-EE

PSE-EEk ere Gasteizen egin du gaur goizeko kanpaina ekitaldi nagusia. Besteak beste, Cesar Luena PSOEren Antolakuntza idazkaria eta Idoia Mendia euskal sozialisten idazkari nagusia izan dira bertan. Luenak esan duenez, "ezker faltsuarekin" kontuz ibili behar da, "ezkerra zatitzen eta eskuinari hauspoa ematen" ari delako.

Mendiak, berriz, Espainia eta Euskadi aldatu nahi dutenen botoa eskatu du. Horren hitzetan, ezinbestekoa da igandeko hauteskundeetan PSOE indartuta ateratzea, aldaketa gauzatu dadin. Hori dela eta, iazko hauteskundeetan Gasteizen Ciudadanosi bota eman zioten 8.000 herritarren botoa eskatu du.

Donostian egindako ekitaldi batean, Odon Elorza Kongresurako PSE-EEren Gipuzkoako zerrendaburuak esan du Alderdi Sozialistak lan-erreforma baliogabetuko duela Gobernura iritsiz gero. Horrez gain, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroari lotutako eskandalua salatu du.

PP

Getxon, itsasadarraren aurrean, "zentzuzko botoak" batzeko deia egin du, berriz ere, Alderdi Popularrak. Leopoldo Barreda Kongresurako PPren Bizkaiko hautagaiak esan duenez, aukerak garbi daude, eta lehia horretan boto moderatu bat ere ezin da galdu. Egonkortasuna eta ongizate estatua daude jokoan, popularren ustez.

Alfonso Alonso Kongresurako PPren Arabako zerrendaburuak ?Podemos Espainiako agertoki politikoan? sartu izana leporatu dio Alderdi Sozialistari.

PPk Getxon egin du arratsaldeko ekitaldia. Alonsorekin batera Leopoldo Barreda Kongresurako Bizkaiko zerrendaburua izan da. ?PSOEk berehala eman zion boterea Podemosi, udaletxeak PPri kenduta, baina orain alderdi hori aurrera hartzen ari zaio eta, inkesten arabera, igandean sozialistek baino boto gehiago lortuko dituzte?, adierazi du.

Horrez gain, Alonsok esan du ekainaren 26an Alderdi Popularrak ?sozialdemokrata bilakatu den Alderdi Komunista? izango duela arerio eta horrek ?atzera pauso erraldoia? suposatzen duela deitoratu du.

Ciudadanos

Luis Garicano Ciudadanoseko Ekonomia arduradurak alderdiaren proposamenak azaldu ditu Euskadiko hautagai eta buruzagien aurrean. Kontzertu ekonomikoaz aritu da, eta talde laranjak "baikor" begiratzen dio igandeko bozketari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PNV-EAJ Alderdi Popularra Espainiako hauteskunde orokorrak gaur Alderdi politikoak bideoak EH Bildu Gipuzkoa PSE-EE Euskadiko PP berriak