Hauteskunde Orokorrak -
Kanpainaren itxiera
Euskadiko 'aukera guztiek', PPk izan ezik, Sanchez babestuko dutela esan du Marotok
EAEko hiru lurraldeetako hautagaiak Euskadiko PPren kanpainaren itxiera ekitaldian izan dira, Bilbon. Arabako zerrendaburuak PPren aldeko "boto erabilgarria" eskatu du, Sanchez gogaitzen duena".
Agentziak | Erredakzioa
Javier Maroto PPren Antolakuntzako idazkariordeak eta Kongresurako Arabako zerrendaburuak esan duenez, Euskadin aukera guztiak, bere alderdia izan ezik, Pedro Sanchez Moncloan "geratzera" daude bideratuta.
"Euskadiko sigla guztiek, PPk izan ezik, Sanchez Moncloan geratzera eramango gaituzte; beste guztiek, bat ere ahaztu gabe", esan du Euskadiko popularrek Bilbon egin duten kanpainaren itxiera ekitaldian, EAEko buruzagien eta hautagaien presentziarekin.
Marotok defendatu duenez, sozialistek "interesa" dute EAJ bozkatua izatean, babestuko dituelako eta "Sanchezi bozkatzea bezalakoa delako"; "ez zaie inporta" Podemosi bozkatzea, gobernatzeko "behar dituztelako", eta EH Bilduri botoa ematea ere "ez zaie inporta", "erabakigarriak" izango direla esan dutelako "eta babestu egingo dituztelako".
Popularrarentzat, "Sanchezi ez zaio inporta Euskadiko zentro-eskuineko beste alderdiei botoa ematea, badakielako ordezkaritzarik lortuko ez dutela, eta Euskadin hori gertatzen bada, Sanchez Moncloan geratuko da".
"PP da, euskal herritarra bazara, Sanchez Moncloatik botatzeko boto erabilgarri bakarra, eta Sanchez, EAJ, Bildu eta Podemos gogaitzen dituena", nabarmendu du.
Marotoren ustez, PP da "ordezkaritza" duen Euskadiko alderdi bakarra "Euskadiri baietz eta Espainiari baietz aho eta bihotz betez esaten". Arabarrei zuzendu zaie, DSBE erreformatzearen alde sinatu zuten 30.000 pertsonen, Mercedes Benzen fabrikaren mende dauden 20.000 pertsonen eta pentsiodunen botoa eskatzeko, PPk "pentsio guztien balioa ziur handitzen duelako, batez ere alargunenak eta lan egiteari utzi zioten emakumeenak".