Orokorrak -
Hauteskunde-kanpaina
Gauzak ondo daudenean 'arazoak sortzea' egotzi dio EAJk lehendakariari
Iñigo Urkulluk ezker abertzalea ere kritikatu du eta esan du "oraindik" ez dakitela "Kongresura lau urterako zertara joango diren".
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJk buruzagiak uste du Patxi Lopez lehendakariak "suhiltzaile piromanoarena" egiten duela bake prozesuan, izan ere, "suak piztu behar ditu eta gero horiek itzaltzeko gai den bakarra bera dela erakusteko". EAJk Laudion egin du ekitaldi politikoa eta bertan izan dira, Urkulluz gain, Emilio Olabarria eta Claudio Rodriguez Arabako EAJren hautagaiak eta Iñaki Gerenabarrena ABBko presidentea. Lehendakariak azken egunotan EAJri egindako kritiken atzean "protagonismo artifiziala" bilatzeko asmoa dagoela iritzi dio Urkulluk. "Arazoak egon behar ez den lekuan arazoak sortzen dituelako", erantsi du.
Ezker abertzaleari ere zuzendu zaio eta EAJk Euskadiren alde Diputatuen Kongresuan egindako lana aintzat hartzeko eskatu dio. "Orain arte abertzale bat Madrilera joatea ez omen zen duina, baina orain badirudi baietz", esan du ezker abertzaleari kritika eginez. Urkulluren arabera, "legea arbitrarioki" erabilita eta "modu injustuan" ezker abertzaleak urte asko daramatza hauteskundeetara aurkeztu barik, "baina hori konponduta, oraindik ez dakigu zertarako joango den lau urterako Kongresura; hori ikusteko dago eta pozik egiaztatuko dugu". Horrez gain, krisi-ekonomikoaz ere hitz egin du eta Euskadik azken bi urteotan bizi duen egoeraren erantzukizuna PSE-PP hitzarmenaren dela azpimarratu du, "krisiari aurre egiteko proposamenik ez dutelako".