Orokorrak -
Hauteskunde-kanpaina
Lehendakaria: 'Bakea eta askatasuna lortzeko helburua bete dugu'
Bestalde, Ramon Jaureguik esan du Patxi Lopez "bakearen lehendakaria" dela eta azpimarratu du bakea behin betikoa izateko onenak "Patxi Lopez hemen eta Rubalcaba han" direla.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariaren hitzetan, "2008ko boto sozialistak bakearen eta askatasunaren aldekoak izan baziren, 2011ko boto sozialistak batasunarenak eta elkarbizitzarenak izango dira, hori baita behar duguna".
Lehendakaria PSEk Portugaleten egin duen ekitaldi politikoan izan dira eta berarekin batera Eduardo Madina, Ramon Jauregui eta Odon Elorza Kongresurako zerrendaburuak izan dira.
Patxi Lopezek adierazi duenez, "Euskadirentzat ez da gauza bera Rubalcabak irabaztea edo Rajoyk irabaztea".
Horrez gain, ondokoa esan du: "2008an Alderdi Sozialistaren alde bozkatu zuten milaka eta milaka herritarrei harro esan diezaiekegu bakea eta askatasuna lortzeko helburu handiak lortu ditugula eta, krisia izan arren, ongizatearen Estatuari eusteko gai izan garela".
Azaroaren 20an Alderdi Sozialistaren alde berriro bozkatzeko eskatu du eta boto horiek "elkarbizitza demokratikoa ezartzeko" eta ongizatearen bidean jarraitzeko balioko dutela agindu du.
Horrez gain, bozkatzera joateko deia egin du, "eskuindarrak geldiarazteko", eta PPk "azken urteotan esfortzuz eraikitako guztia" suntsituko duela ohartarazi du.
Jauregui: "Patxi Lopez bakearen lehendakaria da"
Bestalde, Ramon Jauregui Kongresurako Arabako zerrendaburuak nabarmendu du Patxi Lopez "bakearen lehendakaria" dela, baina bakea behin betiko izatea bermatzeko onenak "Patxi Lopez hemen eta Rubalcaba" han direla esan du.
ETAk indarkeria utzi izana eskertu diote Rubalcabari
Alfredo Perez Rubalcaba, berriz, Sevillako Dos Hermanas herrian izan da gaur eta andaluziarrei bozkatzera joateko deia luzatu die, "ongizatearen Estatua defendatzeko".
Rubalcabak ETAri buruz hitz egin ez badu ere, bai Felipe Gonzalezek bai Alfonso Guerrak berari egotzi diote ETAk indarkeria behin betiko uztea erabaki izana.
Gainera, biek ala biek iradoki dute Alderdi Popularra ETAk bere erabakiaren berri hauteskundeen ostean emateko ahalegina egin zutela eta Mariano Rajoyk berak ere Jose Maria Aznarri laguntza eskatu ziola hori horrela izan zedin ahalegina egiteko.