Orokorrak -
Hauteskunde-kanpaina
Erkoreka: 'Bere konpromisoak bete ditu EAJk'
"Madrildik Euskadira" 1.265 milioi euro "ekarri" ditu EAJk, Bizkaiko zerrendaburuaren hitzetan. "Ez dira berez etorri, EAJk ekarri ditu", azaldu du Erkorekak.
Erredakzioa
"Euskadin eta Euskadirentzako egindako programa bakarra, ez dut legealdia amaitu arte argitaratuko, aurrekoarekin egin bezala", adierazi du Josu Erkoreka EAJko Bizkaiko zerrendaburuak. Zentzu horretan, EAJk bere konpromisoak "bete" dituela gogorarazi du buruzagi jeltzaleak, eta "Madrildik Euskadira" 1.265 milioi euro ekarri ditu. "Ez dira berez etorri, EAJk ekarri ditu", azaldu du.
Getxon (Bizkaia) egindako ekitaldian, beste alderdi politikoetako programak hizpide izan ditu Erkorekak. Rajoyren programak ez du Euskadi hitza aipatzen, baina bai, ostera, ETA zazpi aldiz gutxienez, hautagai jeltzalearen esanetan. Alfredo Perez Rubalcaba hautagai sozialistak programarik ez duela salatu du Erkorekak, webgunean jarrita dutena 2008koa baita, gaineratu du. Amaiurri dagokionez, koalizioa osatzen duten alderdiak ikusita, ze programa aplikatuko duten ez dakiela adierazi du buruzagi jeltzaleak. Gainera, koalizio abertzalea ezer adosteko gai izango ez dela ziurtatu du Erkorekak.
Azaldu duenez, EAJk "77 konpromiso" barneratu ditu programan eta "bete arte ez ditu baztertuko". Bestalde, "krisitik ateratzeko eta lanpostuak sortzeko" apustua egin du Erkorekak, horretarako "EAJren eredua" funtzionatzen duelako. Bien bitartean, Eusko Jaurlaritzak "ez ditu etxeko lanak egin", aurpegiratu du.
Bakea eta biktimak
Bakea "euskal herritarren hiru belaunaldik izandako beharrizana eta amets handia" dela adierazi du hautagai jeltzaleak. Erantsi duenez, "demokraziak indarkeria garaitu du".
"Atsekabea, sufrimendua, biktimak eta bizitza hautsiak. Guztia ezertarako. Haiek hiltzen eta estortsioa egiten zuten bitartean, guk EAJ izaten jarraitu dugu. Indarkeriarik gabeko Alderdia", gaineratu du.
Bestalde, ezker abertzaleak Euskadirekin duen "zorra Greziak Europar Batasunarekin duena baino handiagoa" dela ohartarazi du Iñigo Urkullu EBBko presidenteak. "Sufrimenduaren gizarteratzea defendatu zutenek mehatxuaren eta estortsioaren kostu ekonomikoa" azaldu behar dutela esan du Urkulluk.