Orokorrak -
Hauteskunde-kanpaina
'Gipuzkoa gelditzea' leporatu die EAJk PSE, PP eta ezker abertzaleari
Iñigo Urkulluren arabera, ezker abertzalea Gipuzkoako Diputazioan eta PSE eta PP Jaurlaritzan, gauza bera egiten ari dira: "Lehendabizi dena gelditzen dute eta gero hasten dira galdezka".
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJko presidenteak gogor kritikatu ditu ezker abertzalea, PSE eta PP gaur eguerdian Donostiako Kursaal Jauregian egin duten ekitaldi politikoan. Hirurek gauza bera egiten dutela esan du: "Ezker abertzaleak 'Patxi Lopez eredua' erabiltzen ari da, hau da, lehendabizi dena gelditzen dute eta gero hasten dira galderak egiten".
Bildu koalizio independentista Gipuzkoan hainbat proiektu "desegiten" ari dela salatu du eta, adibide gisa, Gipuzkoa Aurrera egitasmoa aipatu du.
"Atzerapena eta diluzioa. Hori da Lopez-Basagoiti eta hori da baita ere ezker abertzalea. Gipuzkoa gelditzen ari da, eta Gipuzkoak ekimenak, erantzunak eta konponbideak behar ditu, izan ere, ezker abertzalea gaur eragiten ari den geldialdia biharko hondamendia da. 35 urte alperrik galdu ditu eta lur hartu gabe jarraitzen du", adierazi du Urkulluk. Joseba Egibar Gipuzkoako EAJren buruzagiak ere gogor kritikatu du ezker abertzalea eta bereziki Bildu. "Koalizioa pragmatismo iraultzailearen fase esperimentalean dago, baina horrek ez digu kezkarik sortu behar", azaldu du. "Ez dute Diputazioan sinesten, ez dute sistema horretan sinesten, baina, hala ere, Diputazioa kudeatu behar dute", erantsi du. Horrez gain, "giza-eskubideak errespetatu egin behar direla gaur arte konturatu ez izana" leporatu dio ezker abertzaleari. Bestalde, Arantza Tapia Kongresurako Gipuzkoako EAJren zerrendaburuak bere alderdiaren aldeko botoa eskatu du, Gipuzkoak "aurrera egiteko eta garapen ekonomikoa bermatzeko".