Orokorrak -

Hauteskunde-kanpaina

Alderdi-bitasuna ezarri nahi izatea egotzi dio EAJk PPri eta PSOEri

Horrez gain, Urkulluk EAJren kudeatze-eredua babestu du eta "ekonomia produktiboa eta ongizate soziala bateragarriak" direla azpimarratu du.

EAJren ekitaldia, Hondarribian

01:19

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu EAJko presidenteak gogor kritikatu ditu PP eta PSOE eta "alderdi-bitasuna" ezarri nahi izatea egotzi die. Rubalcaba-Rajoy eztabaida ere kritikatu du eta bi aldeko eztabaida hori egiteko 550.000 euro inguru xahutuko direla ekarri du gogora.

Hala eta guztiz ere, EAJren "gainetik ez" direla pasatuko ohartarazi du, eta azkenean "Estatu espainiarra nazio ezberdinez osatuta dagoela" onartu beharko dutela erantsi du.

Arabako Lantaron herrian egin du ekitaldia EAJk eta bertan egin ditu adierazpenok Urkulluk. "Hauteskunde hauek biren arte lehia dela sinestarazi nahi digute", ohartarazi du.

Bestalde, datorren legegintzaldiko helburu nagusia bakea sendotzea izango dela iragarri du. "Demokraziaren handitasuna erakutsi behar dugu, gure printzipioak eta baloreak erakutsi eta biktimak aintzat hartu eta errespetatu, hurrengo belaunaldiak adiskidetasunean bizi daitezen", azaldu du.

Bakea iritsi bada ere, atzean "sufrimendua eta oinazea geratu dira. Hori da ETAk lortu duena: biktima ugari eta bizitzak apurtzea", esan du. "'Sufrimendua sozializatu' nahi izan zuten eta orain egindako kaltea onartu beharko dute".

Amaitzeko, "bakea beharrizana bada, enplegua sortzea helburua da", azpimarratu du. Horrenbestez, EAJren kudeatze-eredua babestu du, "eredu horrek ekonomia produktiboa, kalitatezko zerbitzu publikoak eta elkartasuna bultzatzea dituelako oinarri".

Gauzak horrela, EAJrentzat "ekonomia produktiboa eta ongizate soziala bateragarriak" direla esan du Urkulluk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea