Orokorrak -

Hauteskunde-kanpaina

Erkoreka: 'Eztabaidak Estatuaren aniztasun politikoa marjinatu du'

Josu Erkoreka gogoratu du Espainian "diputatuak eta senatariak aukeratzen direla, ez presidenteak". Horrez gain, pentsioen eskumena Euskadiren esku uztea eskatu du.

Josu Erkoreka, gaur Zorrotzan EAJk egin duen ekitaldian. EFE
Josu Erkoreka, gaur Zorrotzan EAJk egin duen ekitaldian. EFE
EAJk Zorrotzan egin du ekitaldia

01:28

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkorekak esan du atzo "boikota" egin ziola Alfredo Perez Rubalcaba eta Mariano Rajoyren arteko eztabaidari eta, beraz, ez zuela ikusi esan du, "erregimen politikoari eta hauteskunde-sistemari iruzur egin zaiolako".

Kongresurako EAJren Bizkaiko zerrendaburuak azpimarratu duenez, "Espainiak sistema parlamentarioa dauka, ez presidentziala, eta, ondorioz, diputatuak eta senatariak aukeratzen dira, ez presidenteak". Horrenbestez, "eztabaida horren bitartez badirudi hautagai bi baino ez daudela eta irudi hori faltsua da, sistema deformatzen du eta herritarrak engainatzen ditu", salatu du. Era berean, eztabaidaren zuzendariaren jarrera kritikatu du: "Esan didatenez, italieraz eta portugesez hitz egin zuen hasiera, baina Estatuko gainerako hizkuntza ofizialei dagokienez, ez zen erreferentzia sinbolikorik egiteko gai izan".

Erkorekaren ustez, gertakari horrek ere "agerian uzten du eztabaidak Estatuaren aniztasun politikoa marjinatu egiten duela". Bihar talde parlamentario propioa duten bost indar politikoen arteko (PSOE, PP, CIU, EAJ eta IU-ERCE-ICV) eztabaida dela eta, "Euskadiren ahotsa" izango dela esan du Erkorekak. "Euskaldunen ikuspegia transmititu eta EAJren programa aurkeztuko dut, Euskadiren interesak defendatzeko egin den programa bakarra, hain zuzen ere", azaldu du. Horrez gain, EAJk pentsioen sistema publikoaren eskumena Euskadiren esku uztea eskatuko duela iragarri du, "euskal jubilatuen ahalmen ekonomikoa bermatzeko eta pentsiodunek pairatzen dituzten murrizketei aurre egiteko modu bakarra delako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea