Orokorrak -

Hauteskunde-kanpaina

Garmendia:'Zientzian eta Berrikuntzan inbertsioak mantendu behar dira'

Cristina Garmendia ministroak PSEk Donostian egindako ekitaldian hartu du parte eta Mariano Rajoyk enplegua sortzeko hartu nahi dituen neurriak zeintzuk izango diren argitu ez izana kritikatu du.

PSEk Donostian egin du ekitaldia

01:28

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Cristina Garmendia Zientzia eta Berrikuntza ministroak esan du Mariano Rajoyk atzoko eztabaidan apustu bakarra egin zuela: enplegua sortzea. Alabaina, datozen hilabeteetan helburua lortzen ez badu, bere "bigarren plana" zein den argitzeko eskatu dio.

Garmendia PSEk Donostian egin duen ekitaldi politikoan izan da, Odon Elorza Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuarekin eta Eduardo Madina Bizkaiko zerrendaburuarekin batera eta, besteak beste, atzoko eztabaida izan du hizpide. Garmendiak esan duenez, Rajoyk bere programa ekonomiko guztia "enplegua sortzeko mirarian" oinarritu zuen, "baina oraindik ez du argitu nola sortuko dituen lanpostuak". Bere hitzetan, Grezia eta Italiako egoerak okerrera eginez gero, "ezinegona" nagusituko da eta horrek Espainiaren susperraldi ekonomikoa oztopatuko du. Gauzak horrela, "PPk ezingo du bere proposamena bete, hau da, lana sortzeko zerbitzu publiko guztiak finantzatzea". Horrez gain, kezkagarria iruditu zaio PPko buruzagiak Zientzian eta Berrikuntzan inbertsioak egiteko "garrantzia" aipatu ez izana.

Garmendiak ezinbestekotzat jo du Zientzian eta Berrikuntza inbertsoak egiten jarraitzea, areago krisia garaian egonda, eta arlo horietan murrizketa egitearen aurka azaldu da.

2008 eta 2010 urteen artean, krisian bete-betean murgilduta, PSOEren Gobernuak hirukoiztu egin zuen ikerkuntza proiektuetara eta enpresen berrikuntzara bideratutako laguntzak eta, ondorioz, "enplegu netoak 2009 eta 2010 urteetan % 2,4ko eta % 1,4ko igoerak izan zituen". Garmendiak azpimarratu duenez, Espainiak 1997-2007 tartean baino diru gehiago erabili du zientzia eta berrikuntzan 2007tik gaur arte, eta, ondorioz, arlo horretan Espainia Europan "aurreratuena" dela erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea