Orokorrak -
Hauteskunde-kanpaina
Bilboko partikula-azeleratzailearen alde presio egingo du EAJk
Josu Erkorekak esan duenez, egitasmoaren oinarriak ezarrita daude, "EAJk egindako lanari esker, baina Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak urratsak eman behar dituzte proiektua gauzatzeko".
Erredakzioa
Josu Erkoreka esan du EAJk Espainiako Gobernuari eta Jaurlaritza presio egingo diela Bilboko partikula-azeleratzailearen egitasmoa gauzatu ahal izateko. Zehatz-mehatz, zentro zientifikoa Bilbon eraikitzeko bi exekutiboek "agindu zituzten 180 milioiak" proiektu horretara bidera dezatela exijituko du.
Egitasmo honen bitartez Bilboko partikula-azeleratzailearen zentroa Europar Batasuneko espalazio-neutroien iturriarekin egongo litzateke lotuta, eta horrek "Euskadi munduko ikerkuntza mapan jarriko luke". Erkorekak salatu duenez, Europar Batasunak bultzatutako espalazio-neutroien iturria Bilbon ezartzea lortu ez bazen, "Espainiako Gobernuak egin behar zuen diplomazia lanak huts egin zuelako da".
"EAJren talde parlamentarioak Kongresuan egindako lanari esker behartu genuen Gobernua Bilboko proiektua definitzera eta Espainiako Exekutiboak eta Jaurlaritzak egitasmo horretara 180 milioi euro bideratzea lortu genuen", azpimarratu du.
Alabaina, "eta proiektuaren oinarriak EAJri esker ezarrita badaude ere", Erkorekak uste du Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak urratsak eman behar dituztela, "egitasmoa gauzatu ahal izateko".
Gauzak horrela, azaroren 20aren ostean eratuko den Espainiako Gobernu berriari eta Eusko Jaurlaritzari EAJk gai honekin presio egingo diela iragarri du, "180 milioi horiek desagertu edo beste proiektu batera bideratu ez daitezen".