Orokorrak -

Hauteskunde-kanpaina

Euskadik estatus politiko berria behar duela berretsi du EAJk

Emilio Olabarriak esan du Gernikako Estatua "amortizatuta" dagoela eta PSE eta PPren jarrerak kritikatu ditu "ez dituztelako Euskadiren interesak defendatzen".

EAJk Gasteizen egin duen ekitaldia. EITB
EAJk Gasteizen egin duen ekitaldia. EITB
EAJren ekitaldia, Gasteizen

01:21

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emilio Olabarria Kongresurako Arabako EAJren zerrendaburuak berretsi egin du jeltzaleen azken asteotako mezu nagusienetako bat, Euskadik estatus politiko berria behar duela, hain zuzen ere.

Olabarriak EAJk Gasteizen egin duen ekitaldian hartu du parte eta bertan Claudio Rodriguez Senaturako Arabako zerrendaburua ere izan da.

Olabarriak adierazi duenez, "estatus politiko berria 2015erako lortu beharko litzateke". EAJren "muina" autodeterminazioa dela azpimarratu ostean, Euskadik Espainiarekin "lotura berri bat" behar duela erantsi du.

Bere hitzetan, Gernikako Estatutua "amortizatuta" dago eta bertan aipatzen diren eskumenak "gainbeheratzen" ahalegindu da Espainiako Gobernua.

Horrez gain, Kontzertu Ekonomikoaren balioa nabarmendu nahi izan du, "Euskadik Espainiako beste erkidegoek baino egoera ekonomiko hobea izatea eragin baitu". Horrenbestez, marko juridiko politiko berri batek ere Euskadiri onura egingo liokeela adierazi du.

Gauzak horrela, EAJk "Euskadiren interesak defendatzen" dituela esan du, "Kongresuan eta Senatuan PSEk eta PPk ez bezala".

Amaitzeko, Claudio Rodriguezek euskal autogobernuaren aurkako "erasoak" salatu ditu eta "azken urteotan EAJk egindako lanari esker" Espainiako Gobernuak 18 eskumen Euskadiren esku utzi dituela azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea