Hauteskunde Orokorrak -
U23
Paseoan, familiarekin edo festetan pasa dute hausnarketa eguna hautagaiek
Alderdiek hauteskunde osteko balizko agertoki estuaren aurrean boto erabilgarria eskatuz itxi zuten atzo kanpaina.
EITB Media
Hausnarketa-eguna dugu gaurkoa, hauteskunde orokorren aurretik. Igandean herritarrak hautestontzietara deituta daude Diputatuen Kongresuan eta Senatuan izango dituzten ordezkariak aukeratzeko.
Indar politikoek amaiera eman zioten osturalean U23ko hauteskunde orokorren kanpainari, bi aste euren mezuak zabaltzen eman ostean. Alderdiek hauteskunde osteko balizko agertoki estuaren aurrean boto erabilgarria eskatuz itxi zuten kanpaina.
1.789.071 pertsona daude botoa ematera deituta Euskal Autonomia Erkidegoan. Horietatik 80.374 atzerrian bizi dira. Duela bi hilabete egin ziren Udal eta Foru Hauteskundeekin alderatuta, ia 80.000 herritar gehiagok izango dute boza emateko eskubidea.
Gainera, Euskadiko 204.148 herritarrek botoa eman zuten postetxeetan ostegun gaueko hamabiak arte, hau da, eskaeren % 95, eta horiei gehitu beharko litzaizkieke ostiralean botoa utzi duten azkenak.
EAEn, 214.675 lagunek eskatu zuten botoa postaz ematea, eta ostegun gauerdian, 10.527 pertsona baino ez ziren geratzen botoa emateko.
Hausnarketa eguna hautagaientzat
Aitor Esteban EAJko bozeramaile eta Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak tokiko ekoizleen Gure Lurreko Merkatuko postuak bisitatu ditu eguerdian, Bilboko Areatzan.
EH Bilduko hainbat ordezkarik, hala nola Mertxe Aizpurua Kongresuko bozeramaile eta Behe Ganberarako zerrendaburuak, eta Jon Iñarritu eta Jasone Agirre hautagaiek, madalenetan parte hartu dute, Bermeon eta Elantxoben.
Bestalde, Rafaela Romerok, PSE-EEk Gipuzkoako Behe Ganberan duen lehen hautagaiak, atseden hartzeko eta familiarekin egoteko aprobetxatu du eguna. Hala, Donostiako Martutene auzoraino joan da oinez, arrebarekin eta alabarekin, eta Sacha tabernan hartu du gosegarria. Senarra eta familiako txakurrak ere bertan izan dira.
Sumar taldeari dagokionez, Pilar Garrido Behe Ganberako Gipuzkoako zerrendaburuak eta Podemos Euskadiko koordinatzaile nagusiak paseoa egin du Donostiako hondartzan eta Kursaal ingurura hurbildu da. Ondoren, familiarekin bazkaltzera eta Donostiako Jazzaldiaz gozatzera joan da.
Araban, Javier De Andres PPren Arabako hautagaitzaren buruak, aperitiboa antolatu du kanpainan parte hartu duten boluntarioekin, "alderdiaren funtsezko partetzat" jotzen dituelako.