AEB-ko Hauteskundeak -

Alderdi Demokrataren Batzarra

'Barackek ezagutu egiten du amets amerikarra, bizi egin baitu'

Michelle Obamak distira egin du Alderdi Demokrataren Batzarreko inaugurazio ekitaldian.

Michelle Obama, Alderdi Demokrataren Batzarrean egindako hitzaldian. EFE
Michelle Obama, Alderdi Demokrataren Batzarrean egindako hitzaldian. EFE
Michelle Obama, Demokraten Batzarreko inaugurazio ekitaldiko izarra

01:17

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Michelle Obama AEBetako lehen damak distira egin du Alderdi Demokrataren Batzarreko inaugurazio ekitaldian, Barack Obama senar eta presidentegai demokrataren balioei buruzko hitzaldi batekin. Julian Castro San Antonioko alkate hispanoa ere asko txalotu dute.

Barack Obamaren emazteak eta Castrok hitz egin baino lehen, Alderdi Demokrataren hainbat buruzagik hautagaiaren defentsa irmoa egin dute, eta AEBek "aurrera egiteko" behar duten liderra dela nabarmendu dute. 2008ko mezu erromantikoak errepikatzen baino gehiago, pragmatikoak agertzen saiatu dira.

Batzarraren hasieran, gainera, alderdiaren 6.000 ordezkariek hauteskunde programaren ildo nagusiak onartu dituzte. Besteak beste, homosexualen arteko ezkontzak, migrazio sistemaren erreforma eta Kuban eta Venezuelan askatasunak sustatzea defendatuko dute.

Eguneko izarra, espero bezala, Michelle Obama izan da. "Barack maitemindu ninduen pertsona bera da oraindik", "ez nekien posible zenik, baina duela lau urte baino gehiago maite dut"... Hitzaldi intimista eskaini du, oraindik ere AEBetako presidentea denaren profil pertsonala emateko.

Lehen damaren esanetan, Barack Obama fidagarria da eta Etxe Zurira eraman zituen ideien alde egiten jarraituko du: "Barackek ezagutu egiten du amets amerikarra, bizi egin baitu".

Politikan barrena eginda, Michelle Obamak senarraren lorpen nagusiak laburbildu ditu: automobilgintza sektorearen erreskatea onartu du, eta "ez ditu entzun osasun sistemaren erreforma geroko uztea eskatu zioten ahotsak".

Bestalde, Castro alkatea demokraten batzarreko inaugurazio ekitaldian hitzaldi nagusietako bat eskaini duen lehen hispanoa izan da gaur.

Castrok amama ekarri du gogora: mexikarra zen, eta sukaldari eta ume-zaintzaile gisa egin zuen lan AEBetan. Gainera, inoren laguntza gabe ingelesez eta gaztelaniaz idazten eta irakurtzen ikasi zuen. Hori horrela, bi belaunaldi geroago, berak eta anaia bikiak politikari izatea lortu dutela azpimarratu du.

"Bost axola dio nor zaren eta nondik zatozen, bidea berdina da beti: aurrera egitea", esan du Castrok.

Besteak beste, Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidente ohiak eta Jimmy Carter AEBetako presidente ohiak ere hitz egin dute.

Carterrek bideokonferentziaz egin du, eta Obamak "hondamendi ekonomikoa" galarazi duela, Irakeko gerrari amaiera eman diola eta osasun erreforma onartu duela aipatu du.

Gaur Bill Clinton presidente ohiak egingo du hitzaldi nagusia, eta Obama ofizialki proposatuko du Alderdi Demokrataren hautagai.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea