AEB-ko Hauteskundeak -

Latinoen botoa

Migrazio erreformaren porrota onartu du Obamak

Azaroaren 6an izango diren hauteskundeak irabaziz gero, akatsa konpontzeko konpromisoa hartu du AEBetako presidenteak, Barack Obamak.

Barack Obama elkarrizketan zehar. Argazkia: EFE
Barack Obama elkarrizketan zehar. Argazkia: EFE
Barack Obama elkarrizketan zehar. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2008ko hauteskunde kanpainan proposatutako migrazio erreformaren porrota onartu du AEBetako presidenteak, Barack Obamak; eta, azaroaren 6an izango diren hauteskundeak irabaziz gero akatsa konpontzeko konpromisoa hartu du.

"AEBetako herritar bakoitzak amets amerikarra betetzeko aukera izan dezan", migrazio erreforma lantzen jarraituko duela adierazi du Obamak, Univision kate hispanoan egin duen elkarrizketan.

Hori lortzeko, iritzi publikoaren presioa erabakigarria izan daitekeela azpimarratu du Presidentetzarako hautagai demokratak: "Kongresua ezin daiteke barrutik aldatu, kanpotik bai. Osasun-erreforma horrela lortu genuen, gizarte estatubatuarra geldiaraziz, hitz eginaraziz".

Alderdi Errepublikanoak egindako oposaketa sendoa dela eta, bere agintaldian erreforma aurrera egitea ezinezkoa izan dela adierazi du Obamak (orain Ordezkarien Ganberan gehiengoa dute errepublikanoek eta Senatuan eserleku kopuru esanguratsua). Hala ere bi ganberak kontrolatzen zituenean, 2010era arte, erreforma onartu ez izana leporatu zioten elkarrizketaren aurkezleek.

Milaka etorkin ilegalen deportazioak bertan behera utziko dituen Dream Act legea babestu duela gogoratu zuen Obamak elkarrizketan zehar.

Aste honetan hedabide hispanoan hitz egiteko aukera izan dute bi hautagaiek. Obamaren elkarrizketaren ondoren, Romneyk, Obama kritikatu du migrazio erreformaren porrota onartu izanagatik: "Lehen ‘Bai, ahal dugu’ zen Obamaren leloa. Orain, ‘Ez, ezin dugu’ da".

Migrazio erreformari dagokionez hautagaiek egin dituzten proposamenak giltzarriak izango dira. Izan ere, AEBetako komunitate hispanoaren botoa proposamen horiek baldintzatuko dutelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea