AEB-ko HAUTESKUNDEAK -

Lehen eztabaida

Lehen garaipena, Romneyk

Hautagai errepublikanoak ezustea eman du, eta garaile argia izan da hauteskunde kanpainako lehen eztabaidan.

Mitt Romney eta Barack Obama, lehen eztabaidan. EFE
Mitt Romney eta Barack Obama, lehen eztabaidan. EFE
Romneyk aurrea hartu dio Obamari

01:31

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mitt Romney hautagai errepublikanoa izan da AEBetako Presidentziarako hauteskundeetako lehen eztabaidaren garailea, adituen eta inkesten arabera.

Eztabaida Denverko Unibertsitatean (Colorado) egin dute, eta ekonomiari buruzkoa izan da batik bat. Romney erasoan izan da uneoro, eta Barack Obama hautagai demokrata ohi baino ilunago aritu da, nekatuta bezala.

Bi hautagaiek enplegua sortzeko planak, zergen inguruko politikak eta defizit publikoa murrizteko neurriak alderatu ahal izan dituzte. Hain justu, defizita hizpide izan dutenean, Romneyk Espainia jarri du kudeaketa txarren adibide gisa.

"Espainiak ekonomiaren % 42 bideratu du gobernuaren gastuetara. Guk (AEBek) ere % 42 ordaintzen dugu. Nik ez dut Espainiaren bidea jarraitu nahi, nik hazkundearen bidea jarraitu nahi dut, estatubatuarrak lanean jarrita. Horrela diru gehiago izango dugu, herritarrak lanean baitaude", esan du.

Erantzunean, Romneyren planak ez duela enplegua sortuko eta hezkuntzan "murrizketa handiak" egingo dituela ohartarazi du Obamak. Horrenbestez, "Depresio Handitik jazotako krisi txarrenera eraman gaituzten akatsak ez errepikatzea" eta "patriotismo ekonomiko berria" abiatzea promestu du, hezkuntzaren eta energiaren sektoreetan inbertsioak eginez "herrialdea berriz eraikitzeko".

Zergei dagokienez, Romneyk aberatsei ez dizkiela murriztuko azaldu du, eta Obamak "dirudunak ez diren herritarren % 98ri" jaitsiko dizkiela aurreratu du.

Halaber, hauteskundeak irabazten baditu, arrisku handiko finantza operazioen kontrola zorrozteko Dodd-Frank lege ospetsua bertan behera utziko duela iragarri du hautagai errepublikanoak.

Hurrengo eztabaida hilaren 16an egingo dute, New Yorken, eta, azkena, 22an, Floridan.

Joen Biden (Alderdi Demokrata) eta Paul Ryan (Alderdi Errepublikanoa) presidenteordegaiek ere eztabaida bat izango dute, hilaren 11n, Kentuckyn.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea