AEB-ko HAUTESKUNDEAK -

Agintaldi berria

Obama presidentearen erronkak

Epe laburrean, presidenteak "amildegi fiskala" izenekoari egin beharko dio aurre, Ordezkarien Ganbera aurka izanda.

Barack Obama eta senideak Etxe Zurira itzultzen, astearteko hauteskundeen ostean. EFE
Barack Obama eta senideak Etxe Zurira itzultzen, astearteko hauteskundeen ostean. EFE
Obama Washingtonera itzuli da

01:36

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barack Obama AEBetako presidenteak hainbat erronkari aurre egin beharko die epe laburrean, hala nola "amildegi fiskala" izenekoari, astearte honetako hauteskundeetan beste agintaldi bat lortu eta gero.

Dena, gainera, Ordezkarien Ganbera aurka izanda egin beharko du. Izan ere, Alderdi Errepublikanoak berriz ere izango du gehiengoa ganbera horretan, eta, adituen ustez, zatiketa horrek paralisia ekarriko du Washingtoneko politikagintzan.

Epe laburreko mehatxuen artean, aipatu "amildegi fiskala" dator, hau da, automatikoki martxan jarriko diren hainbat neurri, tartean murrizketak eta zerga igoerak.

Besteak beste, urte amaieran George W. Bush presidenteak abiatutako zerga jaitsierak eta ehunka langabezi-pizgarri bukatuko dira, eta, urtarrilean, 800.000 milioi euroko murrizketak sartuko dira indarrean.

Defizita jaistea, zerga sistemaren erreforma, migrazio erreforma eta atzerriko petrolioarekiko mendekotasuna murriztea dira Obamaren beste erronkak.

Eta horren guztiaren gainetik, hauteskudeek erakutsitako zatiketa gainditu eta herrialdean batasuna lortzen saiatu beharko da presidentea.

Obama, akordio bila

Testuinguru honetan, Obama presidenteak errepublinakoen eta demokraten buruei deitu die, bi alderdien artean arazo nagusiak konpontzeko akordio eske, Etxe Zuriak jakinarazi duenez.

Hain zuzen ere, Alderdi Errepublikanoak Ordezkarien Ganberan eta Senatuan dituen ordezkariekin, John Boehnerrekin eta Mitch McConnellekin, eta Harry Reid eta Nancy Pelosi ordezkari demokratekin, hitz egin du agintariak.

Dei horietan, Obamak eta gainerako buruzagiek aurtengo legegintza egutegia eztabaidatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea