AEB-ko HAUTESKUNDEAK -

Obama, berriz presidente

AEB ezezagunak, Alderdi Errepublikanoarentzat

Herrialdeak aldaketa soziologiko eta demografiko sakonak izan ditu azken hamarkadan, baina errepublikanoek ez dituzte aintzat hartu.

Romneyk Obamaren garaipena onartu du

01:31

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBetako hauteskundeek krisi sakona eragin dute Alderdi Errepublikanoan, Barack Obama presidenteak esperotakoa baino alde handiagoaz irabazi ondoren.

Bezperan, errepublikanoek irabazteko aukera errealak zituzten, eta Mitt Romney kudeatzaile arrakastatsua den irudiaz baliatzen ziren, baina, gaur, Obamaren garaipenaren ostean, alderdiak zaharkituta, herritarrengandik urrunduta eta aldaketa soziologikoek gaindituta dirudi.

Obamak hispanoen, afroamerikarren, emakumeen, gazteen eta hirietako biztanleen babesa jaso du gehienbat. Hori horrela, Alderdi Errepublikanoa gizon zurientzat baino ez da erreferente; hain justu, biztanlerian behera egiten ari den sektore bat.

Latinoen sektorea gero eta gehiago hazten ari da, eta egun biztanleen % 10 dira dagoeneko. Horrenbestez, horien babesa lortzea ezinbestekoa da Etxe Zurira heltzeko. Hauteskunde hauetan, hispanoen % 75ek Obamaren alde egin dute.

Ekonomiari dagokionez, errepublikanoek enpatia arazoak dituzte klase ertainekin. Horren adibide, Mitt Romneyk langileei buruz esandakoa: "Biztanleen % 47 Estatuaren laguntzez baliatzen dira bizitzeko, ez baitute beste ezertarako balio. Horiei ez diet jaramonik egingo, Obamaren alde bozkatuko baitute beti".

Emakumeen babesa lortzeko orduan ere zailtasunak izan dituzte, batik bat abortuaren aurkako muturreko jarreren eta hainbat buruzagik egindako adierazpen polemikoen ondorioz. Buruzagi horietako bat Todd Akin izan zen: "Bortxaketa zilegiekin, emakumeak ez dira haurdun geratzen".

Gainera, Tea Party mugimenduaren hautagai gehienek porrot egin dute astearteko hauteskundeetan. Mugimendu erradikala da errepublikanoen artean, baina karisma handikoa ere bai, une askotan alderdiaren motorra izan dena.

Emaitzak eskuan, Alderdi Errepublikanoak lider berriak aurkitu, eta sustraietatik berritu beharra dauka.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea