AEB-ko Hauteskundeak -
Beste 4 urteko legegintzaldia
AEBetako enplegua sustatzeko deia egin du Obamak
Hauteskundeetan irabazi ostean egindako lehen hitzaldian AEBetako presidenteak herritarrei esan dienez, "zuen lanpostuen alde lan egiteko aukeratu nauzue".
Erredakzioa
Barack Obama AEBetako presidenteak herritarrek hauteskundeetan erakutsitako babesa eskertu du. Gauzak horrela, langabezia murrizteko beharraz hitz egin du AEBetako presidenteak hauteskundeetan irabazi ostean egindako lehen hitzaldian.
"Asteartean Amerika hautestontzietara joan zen eta mezua argi utzi zuen: ohiko politikak baino, herritarrek ekintzaren alde bozkatu zuten", adierazi du Obamak, "zuen lanpostuen alde lan egiteko aukeratu nauzue".
Obamak azpimarratu duenez, datorren astean Alderdi Demokratikoko eta Errepublikanoko buruekin biltzeko asmoa du, lan eta enpresa arloko eta esparru zibileko ordezkariekin batera datozen hilabeteetan berpizkunde ekonomikoa lortzeko jarraitu beharreko estrategia finkatzeko.
Halaber, "aberatsek zerga kopuru gehiago" ordaintzea nahi du, eta hezkuntzan eta manufakturan gehiago inbertituko duela iragarri du, "ekonomia eta klase ertaina sendo bat lortzeko osagaiak direlako".
"Desadostasunak daudela badakigu baina hori gure sistema ondo funtzionatzea lortzen duena da. Asteartean argi eta garbi utzi zenuten ez dituzuela zatiketarik onartuko", gaineratu du Obamak.