Kataluniako Hauteskundeak 2024 -
Irailak 27
EAJk Convergenciaren arrisku bera dakarrela uste du Quirogak
Euskadiko 'popularren' presidentearen esanetan, Euskadiren eta Kataluniaren identitate-ezaugarriek lekua dute Espainiako Konstituzioan: 'Falta dena leialtasun politiko eta instituzionala da'.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Convergencia Democratica de Catalunyak (CDC) Kataluniako askatasunerako eta elkarbizitzarako dakarren arrisku bera dakar EAJk Euskadin, Arantza Quiroga Euskadiko 'popularren' presidentearen esanetan. Halaber, ohartarazi du sentimendu nazionalak goraipatzeak ondorioak izango dituela askatasunean eta gizartean.
Euskadiko Alderdi Popularra konferentzia politikoa egin du gaur Bilbon eta buruzagi 'popularrak' adierazi du Konstituzio berri bat egiteko PSOEk erakutsitako "irrikak" agerian uzten duela bere proiektu politikoa berritzeko duen ezintasuna.
Atzo Kataluniaren egunean Bartzelonako Meridiana bete zuten herritarrei errespetua agertu die Quirogak, baina "mugimendu nazionalen goraipamena" bultzatzen dituztenak kritikatu ditu. "Mugimendu nazionalista baztertzaileak goraipatzeak ondorio garestiak ditu askatasunean eta herritarrengan. Hemen ere ezagutu izan ditugu aberria goraipatu izan duten buruzagiak. Atzo EAJko buruzagiak ikusi genituen Katalunian eta horrek esan nahi du Convergenciak Kataluniarako duen arrisku bera duela EAJk Euskadin, erritmo ezberdinetara eta hitz ezberdinak erabilita, baina nazionalismoa goraipatzeko proiektu berdina dute", adierazi du.
"Euskadiren eta Kataluniaren identitate-ezaugarriek lekua dute Espainiako Konstituzioan. Falta dena leialtasun politiko eta instituzionala da, Konstituzioa ezberdinen arteko elkargune izan zela ulertzea", gaineratu du.