Politika -
PSE-EE
Mendia: 'Kataluniako zatiketa Euskadira ekarri nahi dute abertzaleek'
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak deitoratu duenez, "independentziaren aldeko festa bihurtu da Diada, eta baztertzen dituzte helburua partekatzen ez dutenak".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak ohartarazi duenez, Katalunian bizi den "zatiketa Euskadi ekarri nahi dute" euskal alderdi nazionalistek. Horren harian, ostiral honetan Bartzelonan izandako Diadaren ekitaldi erraldoia aipatu du. Mendiaren iritziz, Kataluniako gizartean dagoen zatiketa agerian geratu zen atzoko manifestazioan.
Arabako Gazteria Sozialistaren Batzarraren itxiera-ekitaldian parte hartu du Mendiak. Horretan JSE-EGAZeko idazkari nagusi berria izendatu dute Maialen Esnal.
Bere hitzaldian Mendiak aipamena egin dio Euskadiko eta Kataluniako eztabaida independentistari, izan ere, atzoko manifestazioan milioi eta erdi lagun bildu ziren Bartzelonan.
Euskal sozialisten buruak esan duenez, "duela gutxi arte katalan guztien jaia zen, baina azken ediziotan zatiketa baino ez da ikusten Diada egunean, independentziaren aldeko festa bihurtu baita, eta helburua partekatzen ez dutenak baztertzen baitituzte".
Mendiak azpimarratu duenez, "planteamendu hauetatik ihes egin behar dugu, euskal alderdi nazionalistek horrera eraman nahi gaituztelako". Horren harira, kontsultarako lege-proposamena "xisteratik atera izana" egotzi dio EH Bilduri.
Gainera, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak aurkeztutako ekimena aipatu du Mendiak, eta 2008an Auzitegi Konstituzionalak baliogabetu zuela gogora ekarri du. "Iraganean aurkeztutako proposamen horiek zatiketa bakarrik ekarri zuten", ondorioztatu du.