Politika -

EH Bildu

Arraiz: 'Euskal prozesu eratzailea martxan jarriko dugu'

Sortuko presidenteak adierazi duenez, "euskal bidean sakontzea izango da Kataluniako independentzia-prozesuari Euskal Herritik egindako ekarpenik onena".

Hasier Arraiz Sortuko presidentea. Argazkia: EiTB
Hasier Arraiz Sortuko presidentea. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hasier Arraiz Sortuko presidenteak nabarmendu duenez, "euskal bidean sakontzea izango da Kataluniako independentzia-prozesuari Euskal Herritik egindako ekarpenik onena, hori dela eta, euskal prozesu eratzailea martxan jarriko dugu".

EH Bildu koalizioak Bilboko Zabalgune Merkatuan egindako ekitaldian parte hartu du Arraizek, ikasturte politikoari hasiera emateko asmoz, hain zuzen ere.

Goizean, EH Bilduko 350 militantek "euskal prozesu eratzailearen" inguruan eztabaidatu dute. Horien artean, Pello Urizar, Patxi Zabaleta eta Joseba Permach izan dira.

Behin eztabaida amaituta, ekitaldi politikoari ekin diote. "Bartzelonatik heldu berria" da Arraiz, izan ere, Diadaren ekitaldi jendetsuan izan da ostiral honetan. Horren harira, Arraizek esan duenez, "askatasun hori gero eta hurbilago dago, gaitasun handiagoa dugula sentitzen baitugu".

Kataluniari aipamen anitz egin dizkio Arraizek. "Aldaketa politikoaren haizeak Espainian sentitzen hasi direnean, antzinako Espainiak Kataluniako eredu demokratikoa mehatxatu du. Katalunia osoa debekatzearekin mehatxatzen ari dira batzuk, eta Diagonal kalean tankeak aterako dituztela diote", gaineratu du.

"PP eta PSOE zer diren badakigu. Alderdi politiko hutsa izateari utzi diote, eta Estatuko benetako tresna bezala funtzionatzera iritsi dira. Estatu autoritarioa, euskal herritar gehienok bat egiten ez dugun Estatua, ezta katalanek ere", azpimarratu du.

"Espainia aldatzea ez da erraza, ez orain ezta hemendik 10 urtera ere, batzuk horren zain badaude ere", esan du. Zentzu horretan, EAJ kritikatu du "Estatuarekiko aldebikotasunaren alde egiten duelako". "Independentzia-prozesuarekin jarraitu nahi ez badute, argi eta garbi esan dezatela", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hasier Arraiz albisteak EH Bildu Bizkaia Gaurko azken ordukoa