Udal eta Foru Hauteskundeak -

Geroa Bai

Gobernuko karguen izendapen librea ezabatzea proposatu du Barkosek

Geroa Baiko Nafarroako presidentegaia konbentzituta dago maiatzeko hauteskundeen ondotik, Nafarroan gobernu berria izango dela.

Uxue Barkos Geroa Bairen Nafarroako presidentegaia. Argazkia: EFE
Uxue Barkos Geroa Bairen Nafarroako presidentegaia. Argazkia: EFE
Barkos: 'Etika pertsonala izan behar da gobernu berriaren oinarria'

0:37

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuko zuzendaritza nagusietan karguen izendapen librea ezabatzea proposatu du Geroa Baik. Horren arabera, meritu eta hautaketa prozesu baten bitartez aukeratutako funtzionarioek beteko dituzte karguok.

Foru Erkidegoa gobernatzeko eredu berrirako proposamenak aurkeztu ditu Uxue Barkosek Iruñean, Geroa Bairen hautagaien, militanteen eta jarraitzaileen aurrean egindako ekitaldian. Aldizkakotasun zehatza izango duen Nafarroako Gobernuaren kontrol saiorako egitura parlamentarioa osatzea edota, alderdi kuota alde batera utzita, lan, ahalmen eta ezagutzen araberako gobernu talde murriztua eratzea ere proposatzen du Geroa Baik.

Geroa Baik haren hauteskunde programan gehitu duen administrazio publikoaren erreformari dagokionez, Uxue Barkosek azaldu du Gobernuaren barruko jarduteko moduak eta portaerak aldatu nahi dituztela; izan ere, haren esanetan, "Nafarroak balore aldaketa bat behar du, ez izen edota sigla aldaketa bat".

Erakundeen funtzionamendu "ona" bermatu behar da Geroa Baiko hautagaiaren arabera. Kontrol saioei lotuta adierazi du Parlamentuak izan behar duela Nafarroako bizitza politikoaren "erdigunea". "Parlamentuak izan behar du alderdi politikoen arteko liskarren arteko jokalekua eta berari dagokio gobernuaren kontrol politikoa egitea", gaineratu du.

"Gobernu onaren esentzia balore etikoetan, etika pertsonalean eta etika politikoan oinarrituta dago eta hori kudeaketa onarekin berretsi behar da", azaldu du.

"Ez Ferrazen, ez Genevan, ez Bilbon, eta ez Complutense Unibertsitatean ere. Nafarroako erabakiak Nafarroan hartzen dira", azpimarratu du Uxue Barkosek. Bestalde, konbentzituta dago maiatzeko hauteskundeen ondotik, Nafarroan gobernu berria izango dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Geroa Bai Nafarroa gaur Uxue Barkos Udal eta Foru hauteskundeak 2015