Udal eta Foru Hauteskundeak -
M24
EH Bilduk dio ustelkeriaren eta murrizketen alternatiba bakarra dela
Kike Fernandez de Pinedo Arabako ahaldungai nagusiak eta Miren Larrion Gasteizko alkategaiak azpimarratu dute koalizioak eramango duela "aldaketa" Arabara.
agentziak | erredakzioa
Pello Urizar EH Bilduren bozeramaile eta EAren idazkari nagusiak esan du koalizioa dela "ustelkeria ezaren, murrizketa sozial ezaren eta klientelismo ezaren berme bakarra".
Urizarrek maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeetarako kanpainaren irekiera ekitaldian parte hartu du, Gasteizko Matxete plazan, Kike Fernandez de Pinedo Arabako ahaldungai nagusiarekin eta Miren Larrion Gasteizko alkategaiarekin batera.
Bozeramaile abertzaleak ohartarazi duenez, "sistema politiko oso bat dago, gizartearen zati bat atzean geratzea eta bazterkeria egoeran egotea axola ez diona", eta salatu du eredu horrekin "ustelkeria hazi" egiten dela "arazorik gabe".
Hala, beste alderdi batzuen ustezko ustelkeria edo irregulartasun kasuak aipatu ditu: Hiriko, Epsilon, De Miguel, San Antonio, etab."Ustelkeria orokorra" dela azpimarratu du, eta horren aurrean EH Bildu aurkeztu du "murrizketen, ustelkeriaren eta diru publikoa xahutzearen" alternatiba gisa, gainerakoek "eredu horri eutsi nahi baitiote kosta ahala kosta".
Horregatik, bozetan herritarrek "sistema iraultzea" dutela "jokoan" adierazi du. "Bi aukera daude: EH Bildu ala gainerako guztiak", berretsi du Urizarrek. Gainera, "porrot egin duen eredu ekonomiko eta sozial" horri "eusteko" helburuarekin, "elkar babesten eta ezkutatzen" aritzea leporatu die PPri, EAJri eta PSE-EEri.
Zentzu horretan hitz egin du Kike Fernandez de Pinedo Arabako ahaldungai nagusiak ere, eta hitzeman du maiatzaren 24an "EH Bilduren eskutik" iritsiko dela "aldaketa" Arabara.
"Gainerakoek eserlekuari eutsi eta haien artean kromoak trukatu besterik ez dute egin nahi, baina hori ez da aldaketa, alternantzia baizik, eredu horretan sakontzeko", adierazi du hautagaiak, Trebiñu Araba dela aldarrikatu aurretik.
Miren Larrion Gasteizko alkategaiak bat egin du aurreko bien iritziarekin, eta "Araban garai berria irekitzear" dagoela eta EH Bilduk Udalean eta Aldundian "PP kanporatu" egingo duela esan du.
"Amaitu da ustelkeriaren eta diskurtso arrazistaren garaia, eredu gardenaren unea iritsi da", gaineratu du Larrionek, Segiko kideak izateagatik Auzitegi Nazionalak zigortu dituen gazteen askatasuna eskatu ondoren.